Marivi Olano, Andoaingo kronista

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2022ko abe. 8a, 09:00

@Iturri

Egun batetik bestera kronista izateari utzi zion Marivi Olanok. Ez zen bere borondatez hartutako erabakia izan, DV egunkaria izan zelako kronista modura aritzeko lan hitzarmena eten ziona.

Aiurriko erredakzioan ez da oharkabean igaro gertaera, eta Marivi hizpide izan dugu egunotan. Agerraldi eta prentsaurreko guztietan topo egiten genuen, eta ohikoa zen agerraldiaren aurretik edo ondoren elkar agurtzea edo solasaldiren bat izatea. Ez zen nirekin bakarrik, Xabi eta Mikel lankideekin ere jokabide berdina zuen.

Nire kasuan, albistea jakin eta berehala, iraganera joan zait pentsamendua. 1999an hasi nintzen Aiurrin lanean, eta dagoeneko hortxe zegoen lanean Marivi Olano. PSE-EE, Euskal Herritarrok, PSE+PP, PSE+IU, Bildu, PSE+EAJ… Agintaldiak adina koalizio politiko ezagutu ditugu, Andoaingo Udaletxean. Gertaera latzak, tentsioz beteriko plenoak, agerraldiz jositako asteak, udaletxea bizkartzainez beteriko aroa… egoera eta pasarte xelebreak bizitzea eta pairatzea egokitu zaigu.

Kazetaritzaren ikuspegitik erreferentziazkoa zen Udalarekin zerikusia zuten albiste, araudi edo prozedura askoren lehen berriemailea zelako. Gertu zuen udaletxea, bertako langilea baita, eta Marivi Olano izaten zen gai askoren lehen informatzailea. Aiurrikook beste alor eta gaietan eman izan dugu lehen albistea, eta ezin uka Marivi Olanoren jardunari erreparatzen geniola.

Ezagutza, esperientzia eta eskarmentua. Horixe da bazterrean utzi duena DVk. Ez dakit zer irabazi duen egunkariak, hartu duen erabakiarekin. Baina galdu duena ez da gutxi.

Aiurrikook prentsaurreko eta deialdi guztietan alboan genuen gremiokide atsegin bat galdu dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!