N1 ANDOAIN A15

Tangibleak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2023ko urt. 26a, 07:30

"Landu ditzagun tangibleak, errealitateak, konponbide posibleak lortzeko. Ez dago konponbide perfekturik. Andoaindarren bizi-kalitatea hobetzeko akordiorik onena lortzen saiatuko gara”.

Kakotx artean jasotako adierazpen hori Garcia Chueca PSE-EEko batzarkidearena da, abenduan Batzar Nagusietan EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi C2-ari buruzko mozioan erantzun ziena.

Egun hartatik gogoan iltzatuta geratu zait tangibleak adiera. Eta, antza, ez naiz bakarra. Andoaingo plataformak hitz horren gainean eraiki baitu dekalogoa.

Hitza jolas.

Alegazioen bidea defendatu zuen PSE-EEk, eztabaida-saio hartan. Batzar berean, EAJ-PNVk honakoa adierazi zuen: “Foru Aldundia lantzen ari den proiektua ona –onena– eta egokia da trafikoaren arazoak konpontzeko. Eta ona –onena–, baita andoaindarrentzat ere". EAJ-PNVren adierazpena hain argia izanik, zer proposatzen du PSE-EE gobernukideak? Real politik-a, dagoenetik ekitea. Eta zer da, mahai gainean, dagoena? Bada, dagoena ezin da modu singularrean azaldu. Tangiblea, lorgarria, lantzeko markoa ezinbestekoa delako. Eta, egun, nagusiki bi marko argi daude. Foru Aldundiko agintaritza gorenak C2 egitasmoa mahai gainean jarri du, eta horri eusten dio.

C2ak kaltetutakoen plataformak, bere aldetik, Andoainen indarrean dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra defendatzen du. Plataformak tangibleak diren helburu lorgarriak aurkeztu dizkie herritarrei, eta baita klase politikoari ere. Hamar, denera. Guztiak Plan Orokorretik ateratakoak.

Tangibleak hizpide sozialistek, tangibleak mintzagai plataformako ideologoek. Hitza jolas, gakoa hitza ekintza bihurtzeko markoan dago.

Muina hortxe dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!