Eta emaitza bezain garrantzitsua izan da bidea: emakume ezberdinak lanean, berdintasunaren aldeko ekimen landua aurrera eramateko. Herri bizi baten adierazgarri izan da, prozesu eder hori bizi eta gero, kolore ugariz bakarrik irudikatu daitekeena. Jone Larrañaga, Ane Amondarain, Itxaso Mendiluze eta emakume gehiago dago Berdintasunaren Oihalak egitasmoaren eragile talde horretan.
Beste ekimen jendetsuetan ibili garenok jakin badakigu ideia on bat nahikoa dela hainbat konplize aktibatzeko. Aipa ditzagun, hainbaten artean, hiru: Ianire Huizi, Miren Erkizia eta Karmen Rodriguez Ranz. Haiek dira metxa piztu eta sugarrari eusten diotenak, lankide gehiago erakarri eta hasierako ideia gorpuztu duten eragile horien laguntzaile fidelak.
Noizbait aipatu izan dut Larramendi Bazkuneko lagun batek adierazi zidana: laguntza behar duzun aldiro, okupatuta dagoenari laguntza eskatu. Ianire, Miren eta Karmen beti daude lanean, eta beti ekimen gehiagotan murgiltzeko prest. Izan, Euskaraldia, Gau Beltza, Berdintasunaren Oihalak ekimena edo Euskaldunaren mendeurrena. Andoain herriak baduelako gauza on bat: giza-kapitala. Nahikoa da ekimen bat irudikatzea, boluntarioen efektu biderkatzailea lortzeko. Asteotan, dozenaka jostun izan da lanean, elkarlanean, gainerakooi lezio ederra eskainiz.
Andoaindar askoren lan isilari esker, sekulakoa izan zen Gau Beltza, gogoangarria izan da Berdintasunaren Oihalak ekimena eta bizitzekoa izango da Euskaldunak hilabetearen amaieran gauzatu nahi duen ekitaldi-sorta. Beltza izan zen Andoain, urriaren 31n. Morea izan da martxoaren 4an eta 8an, eta urdina izango da laster.
Paletak adina kolorekoa bilakatzen delako Andoain, horrelakoetan. Urki, Lebiton konpartsa, Olagain Txistularien banda, Kantu Kalejira taldea... Herri ospakizunetarako laguntzeko prest dagoen eragile taldea da. Herria kolorez betetzen dutenak. Pozgarria da, oso.