Gurera, oso gurera etorrita, zirkuluaren bila goaz arropa erosi, erabili eta bota beharrean, konpontzeko erabakia hartzen dugun une berean. Arropa-dendan erosi nuena, denbora batez erabili eta urratu dudana, jostunak konpondu dit, eta neronek erabiltzen jarraituko dut. Marra zuzena horrela borobiltzen da.
Zeregin horretan, bederatzi urtez, Andoaingo Kale Nagusiko Kynai denda gutako erosle askoren aliatua izan da. Negozio bat da, ogibide bat, baina ez edozein. Balio erantsia du bere langintzak. Erosi, erabili, bota kontsumo-joera zoro hori mantsotu duen eragile aktiboetakoa baita.
Baitzen, esango dugu laster.
Ateak itxiko dituen Kynai denda ez delako edozein denda. Ekonomia zirkularrean funtzio garrantzitsua betetzen duen saltokia da.
Natxo Irigoien NUPeko ingenieria doktorea da, eta mundu mailako auzia hobeto azaltzen du: "Ekonomia linealak, sortu dituen joku-arauekin, kontsumitzaileak behar ditu, baliabideak suntsituz eta hondakinak sortuz". Hori aldatu beharra dago. Nola? Kontsumo sistema aldatuz: "Produktuen diseinua aldatu behar da, modu mugagabean erabili ahal izateko. Konpongarriak, elkar trukagarriak eta berriztatzeko modukoak izateko". Gertatzen dena da Inditexek eta enparauek kalitate eskaseko jantziak ekoizten dituztela, modaz pasa aurretik ere apurtzen direnak. Erosi, erabili, bota. Eta berriro erosi. 'Merkea' delako.
Natxo Irigoien, berriro: "Sistema honek funtzionatu du denboran zehar, kontsumitzaile gutxi ginen neurrian. Gertatzen ari dena da populazioa biderkatzen ari dela. Duela ez asko, lau mila milioi biztanle ginen munduan, eta, laster, kopuru hori bikoiztuko dugu. Garai batean jendea oso gutxirekin bizi zen, baina gaur egun populazioaren erdia kontsumo zoroaren gurpilean sartu da. Eta ari dira mundua erauzten, eraldatzen. Horrek ezin du horrela aurrera jarraitu, munduaren baliabideak mugatuak direlako".
Ekonomia linealean eroso egon dira enpresa handiak. Baina Europar Batasuna eta Nazio Batuen Erakundea joko-arauak aldatzeko lanean ari direla dio Irigoienek. Hortik etor daiteke itxaropena? “Aukera badago enpresa ertain eta txikientzako. Lehenak moldatzen aurrea hartuko dute eta abantailak izango dituzte. Aukera bat da, sekulakoa, lanpostuak sortzeko eta enpresa berriak sortzeko".
Kynai dendarentzat, ordea, beranduegi izango da. Eta hori, itxuraz behintzat, ekonomia zirkularra aintzat hartzen den lurraldean egonik. Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketaren Foru Fundazioa da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari atxikita dago. Webgunean sartuz gero, hauxe dute sorburua: “Naturklima funtsezko bi galderari erantzuteko sortu da batik bat: alde batetik, zer-nolako arazoari egin behar diogu aurre Gipuzkoan? Eta, bestetik, zeintzuk izan behar dute gure lehentasunak horrelako fenomeno bati erantzuteko?”.
Hiru jarduera zehatz eta nagusi dituzte. Horietako bat trantsizio ekologikoan aurrera egitea da: “Fundazioak ekonomia zirkularreko eta trantsizio energetikoko proiektu zehatzak sustatzen eta bizkortzen ditu. Proiektu horiek Gipuzkoako enpresei pizgarriak ematea proposatzen dute, ekonomia berde baterantz aurrera egiteko irizpideak onar ditzaten, eta, horrek, lurraldean enplegua sor dezan”.
Webgunean bertan aurki daiteke albisteen atala. 2023ko otsailaren 20koa da “Ekonomia zirkularreko jardunbide egokiak merkataritzan” izeneko albistearen goiburua. Bertan sartuz gero, ondorengoa irakur daiteke: “IKEA zirkularra: gustuko ditugun gauzak gehiago iraun dezaten lortzen dugu. Gaizki sentitzen zara gauzak botatzen dituzunean? Agian konpondu, berrerabili edo birziklatu egin nahi duzu, baina ez duzu horretarako behar den denbora, ezagutza edo energia? Guk lagundu dezakegu”.
Zeinen arduratsuak diren IKEAkoak, eta zeinen gauza txikia Kynaikoa.
Ironiaz ari naiz, irakurle.
Gurera, oso gurera etorrita, Kynai dendako Elena Irimescuk profesionaltasun handia erakutsi du. Eskaini dio jostungintzari denbora, ezagutza eta energia. Lagundu zigun bezero askori, arroparen biziraupena luzatzen.
Ostiral honetan itxiko ditu ateak. Kostuen igoera, bizimoduaren garestitzea... azken krisi honek aurretik eraman du bere lanpostua.
Andoaingo ekonomia zirkularraren eragile aktiboetako baten itxieraren
lekuko izango gara,
egunotan.
Ertz ugari dituen albiste tristea.