N1 ANDOAIN A15

2011

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2023ko api. 4a, 12:05

Iñaki Perez de Eulate C2ak kaltetutako plataformako bozeramaileak 2011ko eskuorri bat erakutsi zuen, atzoko agerraldian. Zertaz ari zen, hori erakutsi zuenean?

C2aren auzia gertutik jarraitu dutenek, gertaeren garapena plataforma digitaletan aurki daitezkeen telesail baten pareko intentsitatearekin bizi izan dute. Status quoa zalantzan jarri eta etsipenak jota dagoen herri xeheari mintzo zaizkion lider berriak,  high voltage tentsio handiko plenoak, gobernukideen arteko sestrak… Telesailak arrakasta handia izaten duenean, jarraitzaileei bazka emateko ideien lanketari ekiten diote. Secuela, precuela… telebistaren eraginez txertatu dira hitz horiek gure hiztegian.

Bada, C2ak badu precuela interesgarri bat hemerotekari begira jarrita. 2011ra bidaia eginez.

2011

N1 eta A15 errepideen arteko lotunea 2011n bideratzeko urrats handiak eman ziren. Oraingoan bezalaxe, trazatu proiektua onartu zuten, eraikuntza proiektua idazteari hasiera eman zioten, egitasmo hari buruzko eskuorriak banatu zituzten… Saihesbidea egitea zirudien, garai hartan, hurrengo urrats logikoena.

2023raino iritsi gara, eta orduko hartako guztia ezerezean geratu da. Hamabi urteko tartea besterik ez dago bi daten artean. Oso denbora tarte txikia da azpiegitura eta obren prozedurari dagokionez. AHTa, Andoaingo Udal liburutegi berria… Agintaldiak joan eta etorri, hortxe daude bere garaian jarritako post-it zaharraren funtzioa betetzen. Bere garaian gogoan hartu beharrezkotzat zirudiena, parez pare edukita ere arreta pizten ez duen paper zati bilakatu da.

Ziurtzat ematen baitzen, 2011ko urtarrilean, Andoaingo saihesbidea egingo zela. N-1 herri barruko errepide bilakatuko zen, Bazkardo eta Sorabilla elkar lotzeko trazatu berria Bordaberri aldetik eginez. Tartean, lurrazpiko pasabidea eraikiz.

2011ko urtarrileko Aiurri.

Urnieta, Hernani eta Astigarraga udalerrien kanpoaldetik dator hona Urumeako autobidea. 2011ko martxoaren amaiera aldera zabaldu zuten Urnieta eta Buruntza arteko autobia-tartea. Irekiera-egunetik bertatik ikusi zen Martutenetik Buruntzaraino zetorrena kamioiak eta autoak ibiltzeko eremu azkar eta eraginkorra zela. Bidaiari eta garraiolarientzat, asfaltuzko alfonbra berri eta eroso hura Buruntzan bortizki eten egiten zen. Hasiera-hasieratik enbutu efektua sortu zelako. Behin behineko irtenbidetzat eman zen N-1arekin egindako lotura. Eneko Goia zen garai hartako Bide Azpiegituretako diputatua. Irekiera ekitaldian adierazi zuenez, perfekzioa N-1 errepidearen saihesbide berria garatzen zenean iritsiko zen. Izan ere, Bazkardoko lotunearen ibilbidea behin-behinekoa zen. Horrela aitortu zuen Goiak irekiera ekitaldian: "ahalik eta modu egokienean egiten saiatu gara. N-1 errepidearen saihesbidea garatzen denean perfektua izango da. Hori izango da Bide Azpiegituretako lansailaren proiektu garrantzitsuena, etorkizunean izango duen erronkarik handiena". Andoaingo herriarentzat hobekuntza nabarmena izango dela iragarri zuen, hurrengo agintaldian garatu behar izango dela gaineratuz. Andoainen saihesbidea gauzatzeak, orduko hartan, Urumeako autobidearen jarraipen logikoa zirudien.

Ahaldun Nagusia Markel Olano ere irekiera-ekitaldian izan zen. Garai hartan foru erakundetik gauzatzen ari ziren egitasmoekiko harrotasuna erakutsi zuen: “Askotan politikariok hauteskunde garaian planoak, irudiak edota infografiak azaltzeko joera dugu. Gu agintaldi honetan zortekoak gara, egiten ari garena errealitate bihurtu eta jendearen zerbitzura jartzen ari garelako. Gipuzkoako errepide handien eskema berritu dugu, modernizazio ikaragarria eskainiz. Aldundian dugun satisfakzioa hori da. AP 1 autopista, Donostiako bigarren ingurabidea, hirugarren karrilak A8 autopistan, Urumeako autobidea...".

Hitz egin dezagun, 12 urte eta gero, plano, irudi eta infografiez.

2011ko martxoan banatu zen eskuorria.

Egun haietan Andoaingo etxebizitza guztietara eskuorri bat iritsi zen. A3 tamainakoa zen, bi aldiz tolestuta, A5 tamainako eskuorri txukuna. Gipuzkoako Foru Aldundiaren logoarekin batera, “Sorabilla-Bazkardo N-1 Saihesbidea” goiburua ageri zen. Eta erdian Mimendiko pasabidetik ateratako argazkia.

Markel Olanoren argazkiaren alboan honako goiburua zetorren: “Sorabilla-Bazkardo saihesbideak egungo N-1a Andoaingo tokiko trafikorako utziko du”. Azalpenak irakurrita, Andoaingo biztanleen ongizatean azpimarra jartzen zuen Olanok: “Une hauetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak errepideak eraiki eta berritzeko martxan duen proiektu garrantzitsuenetako bat da. Andoaindarrei dagokionez berriz, gaur egungo N-1en trazadura herriko erabilerarako libratuko da, eta horrek biztanleen bizi kalitatea nabarmen hobetuko du”.

2011n oinarri ugari jarri ziren, 2023an berriro ere argitara etorri direnak. Garai hartan Aiurrin Arkaitz Lasa Aita Larramendi ikastolako irakaslea elkarrizketatu genuen. Hura izendatu zuten 2012ko Kilometroetako koordinatzailea. Zertarako Andoainen Kilometroak? Euskarari hauspoa ematearekin batera, Txistokiko eraikin nagusian egin beharreko instalakuntza gehigarriak finantzatzeko behar-beharrezkoa zutelako. Instalakuntza haietan ikasten ari dira dozenaka ikasle. Aski ezagunak dira udalerri osoarentzat, hauteskunde bakoitzeko gela berri horiek hautesleku bilakatzen baitira. N1 errepidetik gertuen dagoen instalakuntza da, ikastolak eraiki duen gune handiena eta erabilgarriena. Ezin bestela, garai hartan, hura eraikitzeko prozedura formal guztiak lortu zituen ikastolak. Baita Aldundiarenak ere. Izan ere, han bertan eraikitzeko baimena eman zieten N-1 errepidea herri barruko errepide bilakatuko zela ziurtzat ematen zelako.

Atzokoan, 2023ko apirilaren 3an, Perez de Eulate C2ak kaltetutako plataformako bozeramaileak 2011ko eskuorria erakutsi zuen. Zertaz ari zen, hori erakutsi zuenean? Finean, "diru publikoarekin egiten diren propaganda ariketak" salatzeko.

Egun hauetan Andoaingo etxebizitza guztietara eskuorri bat iritsi baita. Deja vu modukoa da, bizi duguna: A3 tamainako eskuorria, bi aldiz tolestuta, A5 tamainako eskuorri txukuna osatuz. Gipuzkoako Foru Aldundiaren logoarekin batera, “N-1 eta A-15 errepideen hobekuntza proiektua Andoainen” goiburua ageri da azalean.

Diferentzia txiki bat dago, biren artean. 2011ko argazkian 4 erreil agertzen ziren, 2023koan 7 erreil. Badago beste diferentzia bat, esanguratsuagoa. Oraingoan ez da ahaldunik agertzen. Ez dago inoren adierazpenik. Neutroa da, eta ez dugu inon topatu “biztanleen bizi kalitatea nabarmen hobetuko du” moduko esaldirik. Ezta antzekorik ere. Auto-pilaketak, bide-segurtasuna, zarata… auzi horiei egiten zaio aipamena.

Eskuorria etxean jaso eta irekitzean, ziurrenik, bi erreakzio sortu dira:

  • Ondo hartu duzu etxean jasotako eskuorria. Argi izan, hauxe irudikapen bat besterik ez da. Ez du zertan horrela izan behar, baina horri gerturatuko zaiola iradoki nahi dizu Foru Aldundiak. Hori bai, ez ahaztu 2011ko antzeko eskuorrian ageri zena zertan geratu zen. Ezerezean.
  • Gaizki hartu duzu etxean jasotako eskuorria. Argi izan, Aldundiak ez du atzera egin nahi eta N1aren gainean eman nahi dio auziari konponbidea. Eskuorriak agertzen duena betetzen bada, ez harritu aurrerantzean Andoaini "A30" ezinena jartzen badiote. Herria erdiz-erdi zeharkatzen duen zazpi karrileko errepideak metropoli askoren kanpoaldearen antza izan ohi duelako. M40, M30... Extrarradio-a.

Abiadura bizian kateatu dira agerraldiak eta erreazkioak, C2aren auzian

Egun hauetan Gipuzkoan eta Andoainen kide diren bi alderdi politikoen arteko “borrokalditxo” baten lekuko izan gara. Andoaingo alkate sozialistak, Foru Agindua hizpide hartuta, Aldundiak atzera egin zuela adierazi zuen, hautsak harrotu zituen bideo-agerraldian. Martxoaren 20a zen. Bederatzi egun geroxeago, etxebizitza guztietara iritsi da Bide Azpiegituretako sailaren erantzuna, jeltzaleen esku dagoena. "Udalak ez du ulertu Aldundiak sinatutako Foru Agindua", bota zion Oiarbide Foru diputatuak Lainez alkateari. Adierazpen hartatik, honako eskuorria:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!