Udalerri gehienetan joera beretsua izaten da. Eraldaketa auzune berriak eraikitzearen ondorioz gertatzen da. Biziguneak luzatu, zabaldu egiten dira. Onurak baditu, noski, jarduera hedatzaile horrek. Baina baita zeharkalteak ere. Andoainen, XXI. mendean, bi erakargune argi daude: Goikoplaza eta Zumea plaza. Gizarte bizitzaren bi gune nagusi horien arteko lotunea da Kale Nagusia. Paraleloan bada, beste bat. “Nork irekiko luke negozio bat, egun, Kaleberrian?”. Airean botatako galdera izan zen, Bastero Kulturgunean entzun nuena.
Merkataritzaren ikuspegitik egoera tamalgarria da. Zer egin? Nondik heldu? Has gaitezke hari eta besteari kontuak eskatzen. Irtenbide errazik ez duen arazo konplexu bat da. Eta inori kontuak eskatzen hasi aurretik, bakoitzak bere aletxoa jar dezake.
Eskatzen hasita (4)
Liberatzailea behar du izan, tarteka, eskatu besterik ez duen herritargoari errietatxoa egiteak. Hurrengo alkatea gustura ikusiko nuke, Salkineko kideak alboan dituela, merkataritza sustatzeko saiakera iragarriz eta gutako botu-emaile/herrikide/kontsumitzaile bakoitzari Joe Bidenek ezagun egin zuen “Pay them more” esaldiaren bertsio egokitua ozen adieraziz: “Buy them more!”.
On line erosten duen edonork ulertzeko moduko eslogana, aizue.