Mandabietako bidegurutzean zain ginen Xabier Lasa lankidea eta biak. 07:30tan elkartu gara, eta Xabi lehenago LABA graveleko irudiak hartzen aritu da. Badira egunak, aurrekoarekin kateatzen direnak. Gauean elkar agurtu genuen, Udal hautagaiekin elkarrizketak egin eta gero. Ordu gutxira, lanean jarraitzeko elkartu gara.
191 dortsalaz hitz egin nahi dizuet. Amasatik gora datorren pistatik agertu da, ibilbide luzeko beste korrikalari batzurekin batera. Ez ziren asko baina hainbat lasterkari bertatik iritsi dira Goiburuko bidegurutzera. Gehien gehienak galdezka, ea nora joan behar zuten galdezka. 191 dortsala eta beste bi lasterkari Onddolar aldera abiatu dira.
(Ez kendu burutik euri jasa itzela izan dela, eta gu kazetariak aterkipean izan arren, blai iritsi garela etxera).
Handik minutu batzutara 191 dortsala Onddolar aldetik behera hurbildu zaigu. Bakarrik zetorren. Eta bertan 20 kilometroko ibildidea osatu nahi zuten beste bi lasterkarirekin dudan aritu da. Ez zekiten ondo zer egin. Kanalaundira joatea erabaki dute.
Minutuak aurrera joan ahala, Amasa aldetik lasterketa txikiko hainbat korrikalari agertu dira. Onddolar aldera jo dute. Batzurekin eta besterekin hizketan, haien ibilbidea argiagoa zirudien. Onddolarrera igo, han bertan Kanalaundira jaitsi eta Amasa aldeko pistatik itzuli.
Hirugarren aldiz, 191 dortsala gerturatu da bidegurutzera. Kanalaundira joan den arren, atzera egin du. Hori ez zela ibilbidea. Galduta zebilen, eta galdutzat eman du une horretan lasterketa.
Amasara abiatu aurretik gurekin geratu da hizketan. Erori egin da, eskua erakutsi digu eta ulertu diogunez langa batekin hartu du min. Lasterketari dagokionez, saiatu dela baina ibilbidea ez zuela topatzen eta Amasara itzultzeko bide errazena zein den ba ote dakigun galdetu digu. Penaz begiratzen genion Xabik eta biok, 191 dortsalari. “Lastima, denbora asko eman dut lasterketa hau prestatzen. Baina ez nago haserre, ez naiz errua besteei leporatzearen zale. Villabona aldera itzuli nahi dut”.
Lankideak, korrikalaria animatu nahian: “Tira, dutxa beroa izango duzu zain”. Ez zen hori lasterkariaren asmoa: “Keba, kotxea hartu eta etxera noa”.
191 dortsala. Horrela gogoratuko dugu gaur galduta ibili den lasterkaria. Zeinen apal barneratu duen patuak gaurko prestatu dion egoera krudela.
Zorterik onena, hurrengoetarako, 191 dortsala!