Bere garaian, Mikel Pagolarekin abiatu zen ziklo politikoan jeltzaleek bazutelako taldea, eta ingurua. Sare zabal horri esker, urnietarren babes handia jaso izan dute. Gehiengo osoz, bi agintalditan jarraian aritzeko, irismen maila handia behar da Urnietan. Eta EAJ-PNV dohai horren jabe da.
Baina, politikan, ezusteak ematen dira eta igande gauekoak bizitza politikoa astinduko du. Herme Gonzalez sozialisten buruak garrantzi handia hartuko du agintaldi honetan. Horixe izan da bere erregua, urte hauetan, erabaki politikoetan esku hartzeko aukera izatea. Bada, oraingoan, aukera hori izango du. Eta, nola, gainera. Bere bi botoekin Eukeni Garmendia alkate izendatu dezake. Duen boterearen adibide argigarria da. Gaurkoz, fikzio politikoa da. Hori gertatzeko, Herme Gonzalezek Gipuzkoako sozialisten oniritzia beharko luke, eta ez dirudi hori gertatuko denik.
Herme Gonzalezek eta Consuelo Frutosek eskarmentu handia dute, Urnietako udal politikagintzan. Eta ezaguna eta agerikoa izan da jeltzaleekiko erakutsi duten jarrera zorrotza. Gogorra, eta zorrotza. EAJ-PNV horren jakitun da, eta jakin badaki bozketetan gehiengo osoa ziurtatzeko PSE-EEren premia izango duela.
Politika gogoz edo pasioz bizi duenarentzat, datorren ziklo politikoa ez da batere aspergarria izango.