Polemikatxoaren erdigunean taldeko kantari eta gitarra jole Pat Beers zegoen. Giroan, bazegoen galdera bat: ikusten eta entzuten ari garena bat al datoz? Bestela esanda, abeslariaren gitarratik irteten dira "solo" horiek? Neronek ez nuen kontzertua zuzenean ikusi ahal izan, azken taldearen txanda iristerako etxean txiki-txiki eginda nengoelako –datorren urtean, otoi, ez dadila ikastolako amaierako festaren egun berean izan!–. Bideo bat iritsi zitzaidan telefonora, eta ikusten ari nintzena ezinezkoa iruditzen zitzaidan. Bertan izan zen lagun bati idatzi nion, eta hark barre egin zuen. Gaualdiko eztabaida horixe zelako, Nafarroa plazan bertan. Ezinezkoa iruditzen zitzaidan. Beers, gainera, saltinbankiaren modura zebilen taula gainean, hara eta hona, saltoka nahiz lurrean etzanda. Halako mugimendu bizi, zoro eta geldiezinak ez ote ziren gitarrajole solistaren hutsunea estaltzeko ariketa? Horixe nuen buruan. Baina, orduan, zuzeneko musika bizi eta ero hori eskaintzea aurrez grabaturiko piezekin uztartzea bateragarria al da? Hori ere ezinezkoa iruditzen zitzaidan. Youtubera jo nuen, zalantzak argitzeko. Bila ezazue zuzeneko bideoren bat, ahal dela, lehen lerroan grabaturiko bideoren bat. Eta ikusiko duzue salto egin, abestu eta gitarra soloak egiteko gaitasuna baduela. Ez du meritu makala, ezkerreko eskuko hatzekin nota eskala ezberdinak egin eta gitarraren pisuari eusten diolako. Eskuineko eskua gora, behera, aske mugitzen dituen bitartean. Ikuskizun basatia.