Euskal komunitateari jator jokatu dela iradokitzen zaio, gure-gurea den hizkuntza erabilita. Eta, erdaraz arituz, ez dugula bazterrean utzi nahi adierazi diogu erdal komunitateari.
Inork ez badu kontrakorik esaten, fenomeno!
Tarteka, gehienetan ez denean, zuzentasuna eta oreka erakusteko modu hori euskaldunon hizkuntzaren kaltetan izaten da. Aurtengo jaien hasierako adierazpena adibide argigarria izan zen.
Euskaldunari pregoia irakurtzeko aukera eskaini zieten, ekainaren 23an. Merezitakoa, dena esatera. Lehen aipamenak euskaraz eta erdaraz egin zituzten, herri osoari zuzendurikoak. Horraino, ondo. Ondo, baldin eta beren asmoa hori bazen.
Pregoiaren bigarren zatia ere elebitan izatea ulergaitza egin zitzaidan. Neskato bat aritu zen hizketan, bere gisako herrikideei mezu argia adierazteko: "Ondo pasa festak, gozatu jaiak: askatasunean, berdintasunean, aniztasunean eta batez ere, beldurrik gabe!". Adierazpen berbera egin zuen, jarraian, gaztelaniaz.
Hori ere erdaraz adierazi behar ote zen? 2023an, Andoainen, haur eta gaztetxo guztiek ikasten dute euskaraz, euskararen aldeko konpromisoa argia duten ikastetxeetan eta euskaraz mintzatzen zaizkien irakasleen artean. Euskaraz dakien komunitatea da, haur eta gazteena. "Ondo pasa festak, gozatu jaiak..." euskaraz adierazitako esaldi indartsu hori bigarren mailako bilakatu zen, erdaraz hitzez hitz errepikatzen hasi zen une berean. Adin-tarte horretako den-denek ulertu zuten mezua, euskaraz.