Atzokoa eta gero, maiatzeko udal hauteskundeetan demoskopia eta trakkingaren kontura gutako batzuk jaso genuen datu-festa gogora ekarri nahi dut. Hautagai batek baino gehiagok, eta soziologian eta demoskopian zaletuak diren beste batzuk, horri begira eman zuten kanpainaurrea eta kanpaina.
Joerak, gorabeherak eta aurrikuspenak. Orduko hartan datu-festa horretan murgilduta zeudenei adierazten niena ekarri nahi dut lerrootara: Udalerri mailan ezinezkoa da inkesta fidagarria egitea. EH Bildu lehen indarra izan zitekeela aurreikusten zen, bereziki 2019an emaitza ikusgarria lortu zuelako. PSE-EEk oinarri sendoa du, eta ez da hori datu berria. Jeltzaleek ere, antzeko, maila apalagoan. Kanpainan jeltzaleek dena eman zuten, gaitasun handia duen hautagai baten zuzendaritzapean. Aste horietan horrelakoak iritsi zitzaizkigun, trakkinga gora eta behera: "Aste honetan sozialistek beherantz egin dute", "Azken egunotan EH Bildu gorantz ari da", "EAJ-PNV bigarren izan daiteke"... Sentsazioak antzematea erraza izan daiteke. Baina inkesten arabera emaitza eta zinegotzi kopuru zehatza aurreikustea ezinezko ariketa iruditzen zait niri.
Zein erabilera eman behar zaio demoskopiari? Hortxe dago muina. Errealitatea bestelakoa delako. Andoainen, boto errealak honakoa adierazi zuen: EH Bildu nagusi dela, eta nagusitasun horretan alderdi sozialista atzean uzten ari dela. Jeltzaleak, berriz, atzera doaz, nabarmen.
Uztailaren 23ko Hauteskunde Orokorretan joera hori indartu egin da. Andoainen EH Bilduren garaipena argiagoa izan da. PSE-EEk emaitza ona lortu du, baina aurretik duen alderdia geroz eta urrunago dauka. Eta, kontrara, geroz eta atzerago geratzen ari dena EAJ-PNV da. Maiatzaren 28ko joera uztailaren 23an areagotu egin da. Hauxe da bizitzen ari garen zikloa. Gipuzkoan EH Bildu da lehen indarra, hauteskundez hauteskunde sendotzen ari dena.
EAJ-PNVren gainbeheraren adierazgarri Urnieta da. Gehiengo osoz agintzen zuen udalerria zen. Maiatzean gehiengo osoa galdu zuen, eta atzokoan EH Bildu eta PSE-EE aurretik izan zituen. Maribel Vaquero Gipuzkoako EAJ-PNVren Kongresurako hautagaiaren herrian gertatu da hori.
Demoskopia, trakkinga eta joerak hizpide ditugun honetan, antzekoa gertatu da Espainian. Bart gaueko lehen aurreikuspenetan, eskuineko alderdien koalizioa aukera sendo bat bezala ageri zen. Kanpaina osoan ere antzekoak ziren hedabide gehienen datuak. Errealitatea bestelakoa da. Eta, zorionez, muturreko eskuinak ez du agintzeko aukerarik izango.