Hotela, jatetxea, kirolgunea eta irudimenerako tarte zabala eskaintzen duen "relax" (sic) delako gunea. Une horretantxe askotariko loturak egiten hasi nintzen. Ez, bereziki, distantzien artekoa. Honaino ekarri gaituzten bestelako loturak, baizik.
Andoain-Urnieta txokoan nahi gaituzte, joan-etorrian doazen ehunka garraiolari eta bidaiarientzat oinarrizko zerbitzua eskaintzen duen pausaleku huts bilakatuz. Gure udalerrien ertza besterik ez dute ezagutuko. Hanka bat jarriko dute Aranaztegiko burguer enpresa ezberdinetan, erregaiez beteko dute ibilgailua, hurrengo irteeran. Eta, hortik aurrera, muga zeharkatu eta tira eta tunba infinituraino.
Andoain-Urnieta Quintanapalla edota Alfajarin pareko toki-izen bilakatuko dira, denborarekin. Autoa hartu eta hemendik kanpo ibili denak, ondotxo daki Espainia aldera joanda Quintanapalla askoren ohiko pausalekua dela. Kataluniarantz joateko Alfajarin aukeratzen dugun bezalaxe. Eskuinera seinalatzen duen argitxoa piztu, hankak luzatu, eta gosea berdindu edo depositoa beteko dugu. Nork ezagutzen du Alfajarin? Nor sartu da inoiz Quintanapallako inguruak ezagutzera? Portzentaia txikia kenduta, gehiengoa aurrera eta atzera doa. Tira eta tunba, helmugaraino.
Txokoan nahi gaituzte, eta erabaki horiek ez dira bertan hartu. Erkidegoan edo Espainiako edo Europako errepide-mapen antolaketan, bost duroko hitzez hornitutako ordenantza eta plan horien barnean, Andoaindik eta Urnietatik kilometrotara erabaki "estrategikoak" hartu dira. Baten batek erabaki zuen, Europako trafikoaren joan-etorri handi horretan, Beterri-Buruntza pausaleku bilakatuko dela. Astigarragako lur-eremu zabala kamioi gidarien atsedenleku bihurtu da. Andoainen eta Urnietan hedadura handi samarra lanpostu gutxi eta prekarioak sortzen dituen zerbitzuak eskaintzeko. Nonbait, eta ez Andoainen edo Urnietan, erabaki zen lanpostu kualifikatuen enpresa handiak Debagoienan eta Goierrin ezarriko zirela. Donostialdean, aldiz, puntako teknologiari eta farmazeutikari lotutako industria. Beterri-Buruntza? Zer da hori? 2023a joaten ari zaigu eta gure eremuko garapen-agentzia da Gipuzkoan abiatzear den bakarra. Egitura juridikoa badu, erabaki batzuk hartzen dira. Baina ez da gainerako eskualdetako egituraketara iritsi. Kasualitatea? Kausalitatea?
Eskualderako plan berriak gorpuztu eta gauzatzerako, errepide-mapa sareak zeharkatutako herrigunea izango da gurea. Urnietak, sikiera, udalerria garatzeko gaitasuna irabazi zuen A15a eraiki zenean. Andoainen, berriz, zeregin hori itxi gabe dago. N1 eta A15 errepideen lotuneak sortzen dituen arazoei irtenbidea emateko egungo errepide-mapa berdimentsionatzen badute, itota geratuko gara, bi errepide-sare handien artean. Garapenerako aukera eskasa izango dugu. Aberastasuna joan-etorrian ikusiko dugu, abiadura handian doazen ibilgailu eta kamioietan garraiatuta. Eta azkar eta merke ekoizten dituzten burguer horien apurrak besterik ez dizkigutela utziko sentituko dugu.
Urtebete atzera, Andoainen herritar talde bat plataforma batean elkartu zen, C2 delako aukera horren aurka protesta egiteko. Ekimen horrek ahaztu samar genuen eztabaidagaia jarri zuen erdigunean. Udalerriak garatzeko tresna Hiri Antolamendurako Plan Orokorra dela, eta Andoain herri bizigarria izateko aukerak badituela. Hamarkada luzez, adostasun politiko zabala izan zen, udalerriaren etorkizuna irudikatzeko baliagarria. Azken urteotan, adostasun zabal hori haustearekin batera, udalaz gaindiko erakundeetatik andoaindarrentzat bestelako planak dituztela ondoriozta genezake. Goitik behera iritsi dira errepide sarea birdimentsionatzeko planak. Orduan sortu zen herriko alderdien arteko kalapita.
Herritarrak kexu agertu direnean, udalaz gaindiko erakundeei begira jarrita, bertatik iritsi den feedback-a ez da oso eraikitzailea izan, bestalde. Arkitekto bihurtu al dira andoaindarrak, goizetik gauera? Aurreko agintaldiko diputatuak bota zuen, protesta egiten zutenen argudioak gogoan.
Bada, Andoainen eta Urnietan tajuzko galderak egiten dituzte herritarrek.
Berriena delako, Urnietan zabalduko duten gasolindegi erraldoiaren proiektua azter dezagun. A15 autobideak, mila metro eskasetan, bi irteera ditu Irungo norabidean: Aranaztegi-Ergoien eta Erratzu. Berriki iragarri duten moduko gasolindegi erraldoirako ideala. Dena legala da, eta Udalak jarduera ekonomiko berriari baimena ematea beste aukerarik ez du. Bada, auskalo nongo bulegoan egitasmo hori garatu dutenek jakin badakite metro gutxira ehunka kalitatezko menu eskaintzen duen jatetxea badagoela? Ba al dakite metro gutxira dozenaka logela dituen hotel berri eta prestua dagoela? Eta ba al dakite ondoko industrigunean erabiltzaile berriak hartzeko prest dagoen kirol zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa bat dagoela? Eta dagoeneko badirela hiru gasolindegi, elkarrengandik oso gertu? Galdera horiek irakurtzen dituen udalaz gaindiko goi kargudun edo politikariren batek, ziur, barre egingo du. Zer nolako burutazioak dituzten herriko arkitektoek! Lasai egoteko, eta herritarrentzat "ona eta onena" dena egiten ari direla adieraziko digu gobernu ardurak dituen bozeramaileak.
Andoain? Urnieta? Peccata minuta. Halaxe doa marraztuz gure destinu petrala.