Galdera batekin gerarazi zuen nire korrikaldia:
–"Barkatu, ordu honetan autobusik ba ote dagoen galdetu nahi dizut", galdera baino gehiago, erregua zirudien.
–"Norantz zoaz?", arnasa sakon hartzen ari nintzen bitartean.
–"Donostialdera, zehazki, Lasarte-Oriara", etxera esatea bakarrik falta izan zitzaion.
–"Oker ez banago, 21:25 aldera iritsiko da Tolosatik 21:00tan abiatu dena. Bertan duzu ordutegia, erreparatu al diozu ordutegien taulari?", besoa luzatuta, geltokiko pareta seinalatu nuen.
–"Egia esan, ez dut oso ondo ulertzen ordutegi hori", latinoen artean ohikoa den hizkera apalean.
Beste espaloira igaro ginen, segidan, bus geltokia zegoen tokira. Ordutegia aztertzeari ekin nion:
–"Bai, 21:20tan pasako da bertatik. Ikusten duzu? Aste barruko ordutegian begiratu, eta Karrika jartzen duen geltokia da zurea", azkena zirudiela antzeman nuen bitartean.
–"Ados, ez nuen oso ondo ulertzen egia esan", barkamena eskatzen ariko balitz bezala.
–"Hara! Gainera, Karrikatik bertatik irteten da".
–"Ados, eskerrik asko!".
Nire kasa jarraitu nuen. Baina ez nengoen erabat lasai. Ordutegiak horixe zioen. Itxuraz, arazorik ez legoke. Baina busa iritsiko ez balitz? Egoera horretan zer egin lezake Lasarte-Oriara busez iritsi nahi duen gazte batek, astelehen buruzuri batean, gaueko bederatzi eta erdietan? Kezka hori banuen, eta korrika saioa zirkuitu bilakatu nuen. Karrikan barrena Txitibar plazaraino jaitsi eta handik errepide nagusitik Gaztetxe aldera igo nintzen. Hirugarren itzulian, busa iristen ikusi nuen. Eta, geltokiaren parera iristean, busera sartzeko prest zegoen neskak eta biok elkar agurtu genuen. Irribarretxo batekin, iritsi dela ospatzen ariko bagina bezala.
Zergatik kezkatzen ninduen, une horretan, egoerak? Bada, ondoko herriekin alderatuta, Andoaindik Lasarte-Oriara oinez joatea odisea delako. Eta ez da kontu berria. Honaino jabetu ez bazara, irakurle, mugakide ditugun Urnietara edo Amasa-Villabonara iristeko
bi alternatiba dituzu: Trena hartzea eta oinez ekitea.
Bi kasuetan, ordu txikietan bada ere, oinez iristeko bidea eta argiztapena ondo samar bermatuta daude. Lasarte-Oriari dagokionez, ez bata eta ez bestea. Zer egin, beraz, autobusik ez badago, Lasarte-Oriara joan behar baduzu? Tren zerbitzurik ez dago. Eta oraino jabetu ez bazara, irakurle, oinezko bide zuzenik ere ez!
Andoaindik Lasarte-Oriara iristeko mendi bidea edo errepidea dituzu aukeran, eta bietan itzulinguru handi samarra emanda.
Andoaindik Oriara joateko bide zuzena autobidea da. Oinezkoentzat galerazita dagoenez, ezin, beraz, aukera horren alde egin. Egin proba eta sar zaitez, klik gutxitan, Googlen. Aukera bat da, Andoainen busa galduz gero, Lasarte-Oriara oinez joatea? Lehenik Urnietara joan beharko zenukeela dio smartphoneak, eta handik Azkorteko bidean gora Lasarte-Oriara. Denera, 9,9 kilometro eta 02:27 orduko ibilbidea. Aritmetika ariketa erraza: Karrikako geltokian busa hartzeko aukera ez lukeen neskatoa, astelehen hartan, gauerdian iritsiko litzateke helmugara.
Konturatu zara irakurle, honaino iritsita, zer den hamarkadaz hamarkada lehenetsi den aukera? Kamioia eta autoa. Asfaltoa eta erregaia.
2023a amaitzear da eta mugikortasuna eta irisgarritasuna bezalako kontzeptuak, gurean, txiste txar baten pareko dira.
Gustu txarreko txistea, gainera. Adibide honek oraino bizi dugun klasismoa areagotzen duelako. Mugi txartelaren erabilera unibertsala da. Baina erabiltzaileak eta erabiltzaileak daude. Ikasle edo langile izanez gero, astelehenetik ostiralera oso baliagarria den zerbitzua da. Baina bada gizarte segmentu bat, zeinarentzat Mugi ez den abantailatxoa, egunerokoari ekiteko nahitaezko aukera baizik.
“Beste gu” horiek, txarrenera, busa galdu ezean, oinez egingo lukete bidea. Kontua da, Lasarte-Oriara oinez iristea ezinezko bilakatu dela. Halaxe gaude, ia 2024ra iritsita.
Bizi dugun paradoxa ez da txikia. Andoainen N1 errepidea gaindimentsionatzeko asmoa agertu du Aldundiak. Kamioiendako aparkaleku erraldoia eraikitzear doaz, Urnietan, A15-aren ertzean. Oinezkoa, gaurkoz, bigarren mailakoa da. Halaxe doaz marraztuz gure destinu petrala.