Aurreko astean Vocento taldeak argitara eman zuen albisteak zalaparta ekarri zuen Andoainera. Klikaren klikaz bisitalditxo batzuk jasoko zituen “La Diputación y el Gobierno chocan por un proyecto para el nudo de Bazkardo” izenburuko horrek. Ondorio horretara iritsi naiz whatsapp bidez bolboraren abiaduran haizatu zelako albistearen lotura. 'Clickbait' deritzo teknika horri: argitaratzailearen webgunera bisitak egitea du helburu, haren publizitate-sarrerak handitzeko. Herritar askori inporta dion auzia izanik, ordea, mamia aztertzen hasi eta nekez topa daiteke egoera analizatzeko esaera egokiagorik: ezer ez eta festa. Izan ere, zer dio albisteak? Batetik, Espainiako Gobernuak Andoaingo Udalari 476.000 euroko partida helarazi diola, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolamendurako saila bere egitasmoa lantzen ari den bitartean. Horrek, ondorioz, udalaz gaindikoak diren Espainiako Gobernuaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko talka sortu dela. Klik egin gabe, albistearen titular hutsean geratu denarentzat, horixe laburpena. Bazkardoko lotuneari buruzko informazio gose dabilenarentzat, bertan topatuko duenak ez du ezustean harrapatuko. Jakina baita proiektu alternatiboa lantzeko diru partida iritsiko zela, eta ezaguna da erakundeen arteko talka egon badagoela. Administrazio ezberdinen eskuduntzez ari garenez, artikulu horretan bada arreta deitzen duen detailea: Andoaingo Udalaren adierazpenak jasotzea ahaztu dute.
Data berekoa da Andoaingo Alkate Andoni Alvarez Letek, hamahiru galdera-erantzuneko elkarrizketa zabalagoan, auziari buruz Aiurri astekariari adierazitakoak: “N1 eta A15 lotunearekin Andoainen dugun arazoa ezaguna da. Zarata- eta kutsadura-azterketak egiten ari gara. Iaz, Espainiako aurrekontuetatik 476.000 euro lortu ziren eta partida horrekin 2011ko egitasmoan oinarritutako alternatiba garatuko da. Aipatu genuen bezala, auziari loturiko mahaia martxan jarri dugu. Sorabilla Auzo Elkartea, C2ak kaltetutakoen plataforma, udalean ordezkaritza duten alderdi politikoak eta teknikariak parte hartzen ari dira bilera horietan. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bilera berria aurreikusten ari gara. Sukalde-lanean ari gara, eta uda honetarako alternatiba mahai-gaineratzea espero dugu”.
Vocento taldeak gaia haizatu zuenez, Noticias taldea ez zen atzean geratu. DVren lehiakideak kosk egin zion lehenak iritzi publikoan mahaigaineratutakoari, eta Maria Ubarretxena foru diputatuari eginiko elkarrizketa argitaratu zuen. Behartu samarra dirudi, protagonistak ur handitan sartzeko beldurra balu bezala.
Kazetariaren galdera:
“Ba al dakizu idazten ari zareten proiektu berrian onartutako alegazioak Andoaingo Udala asebete duen? Zein mailatan?”.
Diputatuaren erantzuna:
“Ea, gu Andoaingo alkatearekin batzartuta egon ginen legealdia hasi zenean, eta guk ere ahalegin bat egiteko eskatu ziguten... nik ikusten ditut oso…" (sic).
Adierazpenetan, gai horretan behintzat, ezin esan foru diputatua zehatza denik.
Beraz, zertara dator ez-albiste batetik artikulu-sorta argitaratzeko arrazoia? Esaldi bakarrera mugatzen da erantzuna: Zilegitasuna nori dagokion gogorarazi nahi da. Eta hori ere, beste behin, ez da nobedadea. Zaharrak berri, horretan ere bai. Andoain bete-betean hartzen duen aferan iritzi kualifikatua emateko gaitasun morala, erromatarren Auctoritas delakoa, Aldundiarena dela iradokitzen baita. Marko diskurtsibo hori indartzera datoz DV eta Noticias egunkarietako artikuluak.
Alegazioen osteko C2 delakoa eta gero sortuko den egitasmoaren aurrean, zuzenean eragingo dion Andoain herriak izango du zer esana, eta udalaz gaindiko erakundeetako ordezkariek ez lukete hori gutxietsi behar. Hasteko, egitasmo propioa defendatzeko eta gustuko ez duena adierazteko eskubide osoko herritargoa duelako. Eta, horrekin batera, Udalaren eskumenekoa den Hiri Antolamendurako Plan Orokorra eskuan, orain arte aurkeztu zaizkion egitasmoekiko aurka agertzeko argudio sendoak dituelako.
Auctoritas hori nork ezarri behar duen gogoraraztea, zer eta nola aplikatuko den oso argi azaltzen ez bitartean, gaizki ikusita dagoen jardunbide politikoa da egungo gizartean.