Arinkeria

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2024ko ots. 18a, 12:23

Egun gutxiren bueltan, udaletxeko balkoitik inauteri giroko bi adierazpen entzun ditugu. Kaldereroen etorrerakoa, lehena, eta Sardinaren ehorzketarena, bigarrena. Denon iruditerian dago bi adierazpen horien estiloa kritikoa eta umoretsua izan ohi dela.

Ausardia handia behar da mikrofonoaren aurrean jarri eta herritarren konplizitatea bereganatu nahi izaten delako. Zer eta nola adierazi, ez zait batere ariketa erraza egiten niri. Asmoa onena izanda ere ez baita beti asmatzen. Egunotan entzundako bi adierazpenen artean, kolpe onena Uribesalgo kaldereroak bota zuen: “Aurten beranduago iritsi gara Otietako tunela itxita topatu dugulako!”. Esaldi hori bota orduko, ikuslegoaren barreak entzun zitezkeen. Horra hor, formula: Barregarria izateko ez da beharrezkoa txisteak asmatzea, gure inguruan gertatzen denarekiko adi egotea besterik ez. Baina ez hori bakarrik, hizlariak artea edo txispa baduela erakutsi behar du. Uribesalgok badu dohain hori. Kaldereroen adierazpenaren kasuan, Uribesalgoren eta hartzaileen arteko konexioa bat-batekoa izan zen.

Sardinaren ehorzketaren adierazpenak, Andoaingo Inauteriari amaiera ematen zionak, jomugan izan zituen politikoak. Hitzaldia esplizitua izan zen. Enterratzaileak zinegotziak hizpide izan zituen, lehen zatian, eta amaiera aldera, jomugan jarri zituen Espainiako eskuin eta eskuin muturreko politikariak. Abascal, Ayuso eta sardinari izena ematen zion Cifuentes aipatu zituzten. Diot nik aspaldi dagoela ‘hilda’ Cifuentes politikaria. Baina, tira. Euren asmo kritikorako ezaugarri guztiak betetzen dituen pertsonaia da Madrilgo Erkideko presidente ohia.

Gaztelaniazko adierazpena lore-joko bat zen, errimatan oinarrituriko adierazpena. Denbora behar izaten da hitzen eta errimen arkitektura hori eraikitzen, adierazi nahi den edukia ahuldu gabe. Aurretik, euskaraz egin zuten adierazpena. Eta entzun orduko krak egin zidan buruak. Eta bihotzak. Bi adierazpenak ikusita, agerian geratu zen erdarazko bertsio originalaren itzulpena zela euskarazkoa. Euskaraz, irakurketa arin-arin igaro zen. Azkarregi. Zinegotziak eta Udaltzaingoa hizpide hartuta, esaterako, mikrofonotik kanpo egin ohi diren baieztapen baldarrak entzun ziren. Kolokialegiak. Ez ditut hemen jarriko, ahozko adierazpen horiek idatziz jartzerakoan beste dimentsio bat, beste larritasun bat hartzen dutelako. Eta, ziur, esatariak ez zuela gaiztakeriaz egin. Arinkeriaz baizik.

Eta hortxe dago koxka. Erdaraz ez bezala, euskaraz arinkeriaz jokatu zutela.

Uste dut lezio bat ikasita igo beharko genukeela, denok ere, taula-gainera, edo mikrofonoaren aurrean agertzen garenean. Jendaurrean hizlari aritu behar dugunean, berdin du zein hizkuntzatan egin, garrantzia handikoak dira zer eta nola aldagaiak.

Kaldereroen konpartsak lortu du Inauteriak borobiltzeko hitzordua biziberritzea, eta hari segika dozenaka herrikide bereganatzea. Jaiaren ikuspegitik, eta herri ikuskeratik, albiste ona da hori. Baina euskarari lehengoan erakutsi ziotena baino errespetu handiagoa zor zaio. Adierazpenak, elebitan egitekotan, zaindu egin behar baitira. Biak ala biak. Ekitaldiko antolatzaileen zeregina arduratsu izatea da, eta euskaraz adierazi beharrekoa tentuz prestatzea. Euskaldunok eskatu dezakegun gutxienekoa hori da.

Inauterietako igande iluntzean udaletxeko balkoitik egin zen adierazpenean, euskarazko bertsioan, irain larria entzun daiteke. Erdarazkoan ez zen horrelakorik gertatu. Euskarak eta euskaldunok zerbait hobea merezi dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!