Andoaingo datuak, 2020arekin alderatuta

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2024ko api. 22a, 09:37

Atzoko emaitzak, lehenik eta behin, ondorio argia eskaini digu: pandemiak zerikusi zuzena izan zuen 2020ko uztaileko hauteskundeetan.

Horrela bakarrik uler daitekeelako alderdi nagusien igoera: lau urteren bueltan EH Bilduren igoera ikusgarria da, PSE-EEk berrehun boto gehiago jaso ditu, eta EAJ-PNVk eta PPk, bakoitzak bere aldetik, ehun botoren bueltako igoera izan dute.

Elkarrekin Podemosek 438 boto lortu zituen 2020an, eta Podemosek eta Sumarrek, bakoitzak bere aldetik, 422. Beraz, alderdi nagusiek gora egin badute, eta ezker konfederalak emaitza beretsua lortu badu, analisia EH Bilduren igoerak merezi du.

EH Bilduren nagusitasuna

700 boto gehiago lortu ditu EH Bilduk, 2020tik hona. Igoera esponentziala da eta Udal hauteskundeetan jasotako babesera hurbildu da. Dagoeneko EH Bilduren indargunea ez da, soilik, udalerriko gobernantza. Nagusitasun hori deialdi guztietara zabaltzen ari da. Marka sendoa sortu da EH Bilduren baitan. Atzokoan, Andoaingo hautes-mahai guztietan nagusitu zen Otxandianoren hautagaitza. Andoainen alderdi hegemoniko bilakatu da EH Bildu.

Bigarren postuaren lehia

EAJ-PNV eta PSE-EE alderdien artean horixe da lehian dagoena: Nor ote den txapeldun-ordea. Eusko Legebiltzarrean jeltzaleak sozialistei nagusitu zaie. Udal hauteskundeetan eta Kongresukoan, ordea, sozialisten emaitza jeltzaleena baina askoz hobea izan zen. Ez da txikikeria, bigarren postua eskuratzeko lehia hori. Aldagaiak alternatiba nork bideratu behar duen seinalatzen duelako.

Ezker konfederala

Elkarrekin Podemosek 438 boto zituen, eta emaitza hori oraingoan bi hautagaitzara barreiatu da. Sumarrek 241 boto lortu ditu Andoainen, eta Podemosek 181. Bien batura 422 da. 2020ko emaitza beretsua, beraz. Zatiketa, Gipuzkoan, ordezkaritzarik gabe geratzeko giltzarri izan da. Euren botuemaileentzat albiste tamalgarria da.

Eskuina

PP alderdiak ehun boto berreskuratu ditu, garai batean izan zenetik urrun egonik ere. Deigarria da VOXen igoera. 2020an, Andoainen 54 boto jaso zituen. Atzokoan, 107.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!