EH Bildu sendotzen ari da Aiztondon

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2024ko api. 25a, 08:55

Ander Goikoetxea Amasa-Villabonako zinegotzia, legebiltzarkide berria.

Aiztondon EH Bilduren lidergotza sendotzen ari da, deialdiz deialdi, jeltzaleekiko eta sozialistekiko aldea handituz doalako. Gipuzkoako azken hauteskunde guztietan nagusitzen ari da. Aurreko igandean, beste behin ere, sei udalerritan nagusitu zen.

Aiurri hamaboskaria banatzen den Aduna, Amasa-Villabona, Asteasu, Larraul eta Zizurkil udalerrietan EH Bilduren nagusitasuna eztabaidaezina da. Eta, gainera, aldea handituz doa. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan inoizko emaitzarik onena lortu du, ia bigarren alderdiaren botoak bikoiztuz. Zenbakiek hori diote: EH Bilduk 2710 boto lortu zituen igandean, EAJ-PNVk 1467. 

EH Bilduren joera Aiztondon

Honatx, bost udalerrietako emaitzak batuta, historikoan ageri den garapena:

2012/10/21

  • Bildu 2324 boto.
  • EAJ-PNV 1587 boto.

2016/09/25

  • EH Bildu 2020 boto.
  • EAJ-PNV 1630 boto.

2020/07/12

  • EH Bildu 2223 boto.
  • EAJ-PNV 1501 boto.

2024/04/21

  • EH Bildu 2710 boto.
  • EAJ-PNV 1457 boto.

Nagusitasuna

Hegemonia hori ez da salbuespena, udalerri guztietan alde handia dago lehen indarraren eta bigarren indarraren artean. Lehen, akaso, Aduna eta Zizurkil ziren ezker abertzalearen eremu sendoak. Dagoeneko baieztapen hori Amasa-Villabona eta Asteasu udalerrietara zabaldu behar da. Larraul, historikoki, EH Bilduren eremua izan da udalaz gaindiko hauteskundeetan. Bakana eta bitxia da udalerri mailan gertatzen dena: herritarren hautagaitzarik ez, eta PSE-EE bigarren aldiz jarraian agintzen ari da Gipuzkoako udalerri txiki eta euskaldunenetarikoan.

Aiztondoko ordezkari bat Gazteizen

EH Bilduko Ander Goikoetxea "Andriu" izango dugu Gasteizen, legebiltzarkide. Aurreko postuetan ageri zen eta, ezusterik ez da egon. Bera izango da Aiztondoko ordezkari bakarra Gasteizen. Bigarren agintaldia betetzen ari da zinegotzi postuan, Amasa-Villabonako Udalean.

 

Analisi osoa irakurgai dago Aiurri 647 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!