Tinbrea jo orduko, “Mario!” esan du atetik gertuen dagoen Mikel lankideak. Denok ere pantailatik burua altxa eta in design, word, excell eta bestelakoetan ditugun lanak bazterrean utzi eta hura agurtzera altxa gara. Aiurri ondoan bizi da, plazan. Bihar sei urte beteko ditu, eta ama semearen mandatua betetzera dator. Bizkotxoa ekarri du erredakziora!
Sei urte besterik ez ditu baina aspaldiko laguna da guretzat. Hamaika bider etorri da, amak edo amonak lagunduta, eskolatik bueltako bide bazterren topatutako loretxoak oparitzera. Behin edo behin regla hartu eta gurekin jolasten aritu da. Hiru minutu, lau minutuko bisitaldiak izaten dira. Erredakzioetan geroz eta abiadura azkarragoan aritzen garen sasoi honetan Pit Stop modukoa sentsazioa:
“–Kaixo Mario, zer moduz? Lore politak ekarri dituzu gaurkoan! Alba ez dago une honetan, baina bere mahaian utzi eta gero jasoko ditu”. Garbiñe edo Maddi izan daitezke lehen harrera egiten diotenak.
“Mario, atera bulegotik bazkaltzeko ordua da-eta!”. Ama, bulegoaren ataritik.
“–Agur, Mario”.
Nik neuk erabateko kontzentrazioa behar izaten dut, lanerako. Orain, esaterako, kudeaketa aurreratuko zereginetan murgilduta nago. Ez nago ohituta, arrotza zait mundu hori eta adi-adi ibili behar izaten dut. Bada, “Mario!” esan du Mikelek. Eta sartu da Mario bulegora, bi eskuekin bizkotxoa lankide guztiei erakutsiz. Kalera atera gara guztiak, eta kanpoaldean argazkia atera eta zorionak abestu diogu. Lotsatu da, amari irribarre txikiarekin begiratzen zion bitartean.
Dena utzi dugu, gure bizilaguna zoriontzeko. Etenaldiak, aurrikusi gabekoa, kudeaketa lanetik atera nau. Baina, aizue, pozgarria da 6 urteko haurrak gu horrela maitatzea. Guk beste hainbeste maite dugula sentitzen duelako, akaso?
Zorionak Mario! Ondo pasa urtebetetze-egunean!