Elkarbizitza

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2024ko ira. 28a, 08:02

Andoainen, hitzorduz hitzordu, eraikiz eta elikatuz goaz elkarbizitza. Adibideak ez dira gutxi, kontrara, askotxo ditugu eskura. Aipa ditzagun batzuk, aurreko asteburukoak:

Leizaran eskubaloi taldearen elastikoa jantzita dozenaka haur eta gazte, ostiral iluntzean. Talde izaera indartzeko aurkezpen-ekitaldi bikaina antolatu zuten Allurralde kiroldegian.

Ehundik gora lagun Oianumen, bertsoaz gozatzen, ostiral gauean. Ez ziren gutxi izan hara hurbildutako andoaindarrak.

Larunbatean, goizean goiz jaiki eta Lizarrarantz abiatu ziren Euskalduna futbol taldeko neskak. Egun osoko irteeran, taldekideen arteko giroa sustatzea: hori zen bidaiaren helburu nagusia. 

Askotariko jendea Goikoplazan, goiza aurrera joan ahala. Mugitu Andoain jardunaldian iragarritako hainbat hitzorduren artean, elkarren artean zerikusi gutxi zuten Nordic Walking-en trebatzeko ikastaroan elkartu zirenak.

Euskaldunako Gorengo Mailako taldearen denboraldiko lehen partida, larunbat arratsaldean. klubarentzat garrantzi handikoak izandako hiru kidek txalo zaparrada jaso zuten.

Merkatarien eskaintza berezia, asteburuan. Eta andoaindarrak produktu interesgarrien peskizan. Kaleak, merkatu plaza zalapartatsua bilakatuta.

Lagunen eta arrantzaleen artean arrasto sakona utzi zuen herrikidearen aldeko omenaldi-ekitaldia, igande goizean Unanibin.

Lerrootan azaldutakoa asteburu bateko hitzorduen aukeraketa da, Andoaingo gizarte bizitza oparoa islatzeko baliagarria.

Edukiontzi- eta ibilgailu- erreketarekin ernegatuta daudenei arrazoirik ez zaie falta. Oro ez da urre, baina ez dezala gertaera ilun batek elkarbizitza aberatsa estali.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!