Ostiral arratsaldea da eta Allurralden kantxaren alde banatan eskubaloiko bi talde ari dira lanean. Alde batean, nesken nerabe taldea dugu. Beste aldean, gazteagoak diren mutikoak. Neskei erreparatu diogu, lehenik eta behin. Entrenatzaileak ez ditu hogei urte baino gehiago izango. Euskaraz aipamen apurrak egiten baditu ere, estrategiari eta jokoari dagozkion xehetasunak azaltzeko orduan erdarara jotzen du: “cruces”, “laterales”, “vete al hueco”, “no has tirado ninguna, y no me pongas esa cara…”. Kantxaren bestaldean, mutikoak. Une jakin batean entrenatzaileak jokalari guztiak biribilean jarri eta hizketan hasi zaie. Euskaraz hasi da, baina berotu ahala erdarara jo du. Intentsitate handiagoa eskatzen die jokalariei: “Ataca, “suelta”, “sigue”, “va”, “retrocede”, “sigue”, “donde esta el balon?”.
Asteazken arratsaldea da, Ubitarten. Herriko futbol taldeko infantil mailako neskak bi taldetan banatu dituzte, aurten. Entrenatzaileak eta laguntzaileak, guztiak, euskaldunak dira. Praktikan, baina, oso bestelakoa da talde batean eta bestean komunikatzeko duten ohitura. Aurkia eta infrentzua topatu dugu zelai berean. Talde bateko prestatzailea euskara hutsean ari zaie jokalariei, eta besteak erdara baino ez darabil. Hurrengo asteetan, ordu eta egun berean toki berera hurbilduz gero, joera errepikatu egiten dela frogatu dugu. Euskaldunak dira entrenatzaileak, bai. Baina batak eta besteak hizkuntzaren erabileran egiten duen hautuan alde handia dago.
Larunbat goiza, Allurraldeko harmailetan. “Entendeis?”, saskibaloiko prestatzaileak arbelean azaldutakoaz galdera egin die mutikoei. Kantxan sartzeko zain dira, Atletico San Sebastianen aurkako partidari ekiteko. Une horretan jokatzen ari direnak neskak dira, Bera Beraren aurka. Larunbat goiza da eta, bezperan, prestaketa lanetan ikusi genituen. Bada, partidaren bezperan eta egunean bertan, bietan, entrenatzailea erdara hutsean ari zaie jokalariei.
Eskubaloiko, futboleko eta saskibaloiko entrenatzaileak erreferente diren aldetik, hizkuntzaren erabilera jakina egitea ez da txikikeria. Gaurkoz, panorama ilun samarra da Andoainen: edozein dela taldeko kirol-jarduera, oro har, euskaraz hezitako belaunaldiari erdaraz ari zaio kirol prestatzailea.
Kirola, adin txikitan, aisialdiari eta heziketari loturiko jarduera da eta, urteotan, Andoaingo Udalak eta herriko kirol taldeek euskararekiko erakutsi duten konpromisoa argia da. Asmo on hori hurrengo katebegian hausten da: kirol talde jakin baten izenean lanean ari den entrenatzailearen jarreran, hain zuzen.