Honaino ekarri gaitu Vocento taldeak. Ulergaitza zait hedabide talde horrek eta atzetik segika batu zaizkion gainerakoek izan duten jokabidea, izuaren kontura audientzia bereganatzeko xedez. Pertsona baten berri eman digute: Andoainen dabilela, Irunen ibili dela, iragan ankerreko pertsona dela... hara eta hona etortzeko darabilen ibilgailuaren marka eta kolorearen berri eman digute. Detailerik ez da falta.
Baina, barka insistentzia, hori da albistea? Ordenatu ditzagun hainbat datu: pertsona bat dabil –edo ibili da– Andoainen, Irunen ere bai, iragan ankerra duena. 25 urte eman ditu kartzelan eta, gehienezko zigorra beteta, aske dago. Ez da kartzelatik irten berria, badira bi urte luze aske dagoela. Pertsona hori han eta hemen identifikatu dute segurtasun indarrek. Pentsatu nahi dut, gehienok ere, eraiki dugun gizartean, justizian sinesten dugula eta horrelako kasuen jarraipena egiten duten Ertzaintzan eta Udaltzaingoan arreta jarri behar dugula. Bada, haien jardunari erreparatuta, Ertzaintzaren komunikazio bulegoak ez du oharrik atera kasu honen berri emateko, ez eta pertsona horren balizko arriskuaz ohartarazteko ere. Aldiz, zuhurtzia eskasa erakusten ari dira hainbat komunikabide.
Auzi korapilatsu baten aurrean jartzen gaitu gertaerak eta, horri buruz hausnartu beharrean (zer egin, nola jokatu horrelako kasuetan? bigarren aukera merezi dute zigorra bete duten pertsona horiek?), masa hedabideek morboa elikatu eta izu-giroa handitzea besterik ez dute lortu.
Asteazkena da eta orduak aurrera joan ahala telebista-kamerak gure herriko kaleetatik desagertuz joango dira. Bitartean, beldurrak, lokatzaren antzera, bere bidean dena zikindu du.
Jendartean zabaldu den izu hori kudeatzea erantzukizun kolektiboa bilakatu da.