Beste GU

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2026ko apirilaren 25a

Kopako finalaren dimentsioa aurrikusten asmatu zuen Andoaingo Udalak, haurrei begirako tailerrak antolatuz eta pantaila erraldoia jarriz.

Arratsaldean hasita, jendetza zebilen herriko kaleetan. Gauean biziko zen ospakizun kolektiboaren iragarpena izan zen hura. Partidaren hasiera-ordua hurbildu ahala, ehunka lagun elkartzen hasi zen pantaila erraldoiaren parean. Aurrealdean, nagusiki, haurrak eta gaztetxoak. Atzealdean, lagunarteak eta familiak.

Aritu nintzen, Goikoplazan, batera eta bestera begira: askotariko jatorria zuten herrikideak ikusi nituen plazaren erdian, elizarantz doazen eskilaratan eta inguruko beste eremuetan. Ez zait burura etortzen hain bizimodu ezberdinak daramaten herrikideak batu ditzakeen beste hitzordurik. Eta han ziren guztiak sufritzen, urduritzen eta, azkenik, gozatzen eta pozez zoratzen. Ikuspegi sozialetik, komunitatea egiteko mugarria izan zen larunbatekoa. “GUazen Erreala!” izan da klubaren lelo nagusia, gu horren baitan norbanako asko eta ezberdinak batu daitezkeela aintzat hartuta. Beste gu horiek ere bertan direla, alegia. Inklusioaren eta aniztasunaren ikuspegitik, ezbairik gabe, erabaki ona izan zen pantaila jartzea. Errealak Kopa irabazi zuen eta, Goikoplazan ginenok, hein handi batean, komunitatea egin genuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!