Kantu sorta berria entzunda, gainera, zuzenean zer nolako harrera izango duten ikusteko gogoz nago. Ikusmina, bereziki, galderaz beterik dator: Durangoko Palentinoan entzuten diren ooooh horiek abestuko ditu ikuslegoak? Eta Tolosako Meskalen erritmoa indartzen duten txaloetan parte hartuko dute zaletuek? Jaio berriak baitira aipatu bi kantuak. Akaso goizegi da? Peiremans+ 4.0 biran bilakatuko dira ereserki? Zuzenekoetan pentsatzen jarrita, beste galdera bat datorkit burura. Bertsioak dira Peiremans+ taldearen bereizgarrietakoa. Zein talde hartuko dute gogoan? Nor omenduko dute? Zuzenekoetan argituko den misterio hori.
Aipa ditzadan bost kantu berriak. Arrazoiak agerikoak dira objektiboa ez naizela diodanean. Kantuak hainbat bider entzun ditut eta ziur naiz Durangoko Palentinoan zuzenean entzuten dudanean ere ez zaidala irria ahotik kenduko. Kantua ikusi egiten baitut, taberna horretako mugiroa bikain deskribatuta baitago. Disko txikiaren bigarrenak ere Urbizuren sinadura darama: Pain batean Loiolan. Lekunberrikoaren ehundahamaikagarren hit-a da, diskoaren singlea eta denboraren poderioz singleago bilakatuko dena. Gitarrak ondo zorroztutako bi zaplaztekoen ondoren, meseta zabalean murgiltzen da diskoa hirugarren kantura iristean. Bi sortzaileek gogoko duten liburu batean oinarritzen da Erlikia kantuaren letra (Reliquia, Pol Guasch). Benetako gertaera batean oinarriturikoa, gogorra da liburuan kontatzen dena. Euskalerria Irratiko akustikoan jo zuten eta zuzenean kadentzia polita duela iruditu zitzaidan. Laugarrena da Tolosako Mescalen abestia. Hunkigarria egiten zait urte askoan gure bigarren etxea izan zelako. Ez naiz azalpenetan luzatuko, Imanol anaiak ondotxo azaldu du hedabideen aurreko aurkezpenetan tabernak gugan izan zuen eragina. Kantuari erreparatuta, bi gauza: Imanolek rock and roll kutsuko kantuak egiteko trebezia baduela (noizko r'n'roll disko bat?) eta Gorka Urbizu ekoizle bikaina dela. Bosgarren eta azken kantua egun bizi dugun egoera soziopolitikoaren argazki etsigarria da. Tamalgarria da panorama, baina kantu bilakatuta, zuzenean indar berezia izango duen ustea daukat. Eta, akaso, Gero eta gehiago dira kantu txalotuenetakoa izango da bira honetan.
Peiremans+ bada leiho bat bi sortzaileek nekez plazaratuko lituzketen kantuak aurkezteko. Ez dudalako ikusten Durangoko Palentinoan GUren diskografian, ezta Gero eta gehiago dira Don Inorrezen errepertorioan ere. Laguntasunak abantaila bikoitza du Imanolentzat eta Gorkarentzat: lantzean behin egitasmo bera partekatzea eta musika eremu berrietara hurbiltzeko aukera baliatzea.
Gitarra doinuetan hazi eta hezi ginenontzat gozatzeko moduko bira iristear da. Golak kantu itxura hartuko du biran, eta gutariko asko olatua egiteko prest gaude. Peiremans+, you will never rock alone!