Gogoan dut

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda

Gogoan dut elkarrizketatu zintudan lehen aldia, Estanis. Iritsi berria nintzen Aiurrira. 1999a zen eta Casa del Pueblon egin genuen hitzordua.

Egungoaren antzik ez du, berritu aurreko garaiaz ari naiz. Sotora jaitsi ginen. Toki iluna, garai hura bezalaxe. Ez zegoen hala hitzartuta baina Joseba Pagazaurtundua “Pagaza” eta biren artean erantzun zenituzten galderak. 

Gogora datozkit, handik urte batzuetara, alkate izan zineneko epealdian, Alkatetzara deitzen ninduzuneko solasaldiak. Haietako batzuk ez ziren samurrak izan, ez. Baina badakizu zer? Garai hartan bertan balioan jartzen hasi nintzen zure doaietako bat: zuzen-zuzen heltzen zenion arazoari, lehen unetik. Zas! Esan beharrekoak esaten zenituen, honestidade osoz.

Gogoan dut, gerora, Doktor Huizi aldean edo Estankoaren parean topo egiten genuenean, gazte garaitan bizi zenituen pasadizoak: Oerretekoak, troskistak, komunistak… bazen mugiroa iraultzaileen artean, orain bezalaxe, garai hartan ere.

Gogoan dut behin baino gehiagotan adierazi zenidala zure aitarengandik jaso zenuela sutsuki defendatu zenuen euskaltzaletasuna. Ez dut inoiz ahaztuko, azken urteotan bereziki, “Zer moduz, Aiurrin?” galdetzen zenidala. Ez nizun inoiz behar bezala eskertu galdera hori egin izana. Ez baita ohikoa galderak egiten edota herriko kronikak idazten dituenari zer moduz dagoen galdetzea. Horretan ere, rara avis-a zinen Estanis.

Dagoeneko irakurleak antzeman duenez, bion arteko gertutasuna urteen poderioz garatuz joan zen. Barre egin dut zurekin, bai horixe! Bereziki “maite” zenituen monjak, apaizak eta elizak hizpide hartuta. Ohitura zenuen, igande askotan, mezara ez joateko aitzakia argitara ematea Facebooken. Txantxa horri segida ematen genion, tarteka, post horietan. Genio y figura.

Badakit, Doktor Huitzi kale inguruetatik edo Estankoaren paretik igarotzean, gogoan hartuko zaitudala Estanis. Bizitzak aurrera darrai eta jarraituko dugu galderak egiten eta kronikak idazten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!