1962. urtean antolatu eta burutu zuten desafio gogoangarriaren 50. urteurrena bete da urte honetan. Izan ere, 1962. urteko otsailaren 25ean, Tolosako zezenplazan bi urnietar hauen arteko desafio sonatua izan zen: bietako nork egin altxaldi gehiago 10 arroako harri zilindrikoa sorbalda gainera jasotzeko (125 Kg). Eta plazan 2000 lagun inguru elkartu ziren desafioa ikustera, gehien-gehienak urnietarrak, %80a inguru. Beraz, kontuan izanik Urnietako herriak urte hartan zuen biztanle kopurua egun hartan herria erdi hutsik utzi zutela esan liteke. Ez zen nolanahiko desafioa izan; Juan Iguaran, Lategi bailarako Egurrola edo Eula baserriko semea eta Martin Lizeaga, berriz, Oztaran bailarako Mokoroa baserrikoa, lagunak ziren, eta hala jarraitu dute geroztik, eta beraiek zuzenean parte hartu gabe beren lagunarteek hitzartutako desafioa izan zen, herri osoa aidean jarri zuena Tolosako eguna iritsi zen bitartean.
Ikusmina ikaragarria izan zen, biek egin beharreko altxaldiak txandaka egin zituzten, hamar minutuko txandatan ahalik eta altxaldirik gehien nork egin. Hori bai, ez zuten aukerarik izan batak bestearen berri izateko; batek altxaldiak egin bitartean, bestea plazatik kanpo zegoen, aldageletan, bost minutuko atsedena hartzen, eta lehia osoa amaitu zuten arte ez zuten emaitzaren berri izan. Hiru txandatan lehiatu ziren; hiru txanda egin zituen bakoitzak alegia eta, ikusgarriena, berdindu egin zuten: bakoitzaren hiru txanden batura 103 altxaldi izan zen, hots, 12.360 kilo bakoitzak 45 minututan!! Lehertzeraino aritu ziren bi kirolariak!
1962. urtean 21 urte zituen Martin Lizeagak eta Juan Iguaranek, berriz, 18 bete zituen desafioa egin zuten egunean bertan. Gaur, berrogeita hamar urte geroago, sasoiko daude, 71 eta 68 urterekin. Horrenbestez, Urnietar prestu 2012 saria Sanmieletan ospatu ohi den Iñistor jaian eskuratuko zaie, irailaren 30ean, igandearekin. Urtero bezala, bazkaria izango da Jakutegi plazan, eta bazkalostean, bertsolari gazteen saioa entzun ondoren sarituei, diplomarekin batera, Urnietako herriaren armarri dotorea eta Urnietar prestu 2012 idazkuna brodaturik daraman bizkarzapia jantziko zaie.
Saria emateko argudioak
Urnietar Prestu saria erabaki duen epaimahaiak, desafioaren kirol ezaugarriak aintzakotzat izateaz gain, oso kontuan hartu du desafio hura antolatzeko bi aldeek izan zuten jarrera, jokabidea eta sortu zuten herri-giroa: lehia zintzoa izan zen, haserrerik gabekoa, lagunarte edo koadrilen artean antolaturikoa, baina gure herriaren erraietan josita dirauen lehiatzeko eta trabesak egiteko grinari erantzun ziona. Kirolzaletasun zintzo eta jatorraren eredutzat jo du epaimahaiak orduan jokaturiko desafioa.
Gaur egun, garaian bizi eta desafioa ezagutu zuten guztiez gain, asko eta asko dira Urnietan eta inguruko herrietan lehia haren berri duten herritar gazteak.
Epaimahaiak oso egokitzat jo du 50 urteurrena aurten bete izana saritzeko gure herriko tradiziorik zaharrenetarikoa, kirol lehian desafioak, trabesak eta apustuak egitearena, kirolzaletasun, jatortasun eta zintzotasun giro hartan egin izana, geroztik urte askotan gogoangarri egiteraino.