Denbora bat atzerrian daramazunean, barne iraultza moduko batek herrimina sentitzera eramaten zaitu. Denek ez dugu neurri edo intentsitate berdinarekin sentitzen, edo gutxienez, adierazten.
Agian, ez delako batere erraza herrimina sentitzen dela onartzea bera. Zure jendea ikusi gabe zaudenean, zure gustuko hainbat gauza egin ezinik aurkitzen zarenean, goizetan pertsiana irekitzean ikusten zenuen paisaia faltan botatzen duzunean, euskaraz hitz egiteko alboan inor ez duzunean, lanbroak azala nola bustitzen dizun sentitu nahiko zenukeenean.... guzti hori, maite duzun jendeari aitortzea, ez da, ez, batere erraza. Beraiek, zugandik entzun nahi duten gauza bakarra “ondo nago” baita, agian, horrela, beraiek ere hobeto sentitzen direlako.
Nork bere erroak sentitzea munduko gauzik naturalenetakoa dela esatera ausartuko nintzateke. Beraz, nik behintzat, harrotasunez esan nahi dizut, herrimina sentitzen dudala. Agian, lehenago herripoza bizitzea zer den ikasi nuelako, familiarekin, lagunekin, euskal kulturaren mundutxoan murgildutakoan, edota, antzerkiarekin, batukada taldearekin eta jai batzordean.
Eta ondo gogoan dut, uztaila dela herriko jaiak, Sanmielak, prestatzeko hilabeterik nagusiena. Norbaitek pentsatzen bazuen, jai egitaraua irailaren erdialdera, bat batean, zerutik erortzen dela, edota, Udalak, magoek untxiak bezala, txisteratik ateratzen duela, esango diot ezetz. Jai egitarauen “atzean”, batez ere, herriko mota guztietako elkarteetako kideek, borondatez, muxutruk, egindako lan izugarria dagoela.
Bai, ondo gogoan ditut jaien antolakuntzan bizitutako une gazi eta gozoak. Ilusioz beteta antolatutako ekitaldiak, beste elkarteekin adostasunetara iristeko lana, eta baita ere, zertarako ezkutatu, turnoko zinegotzi edo kultur teknikariren baten zapuzkeriak jasan beharrak sortutako tentsio uneak. Hori bai, batzuetan, jai batzordearen bilerek, “Aquí no hay quien viva”ko komunitatearen antza hartu izanagatik, azkenean, jaiak beti aurrera atera izan dira, eta urtez urte hobetuz, eta herrikoiagoak izanez, gainera.
Idatzitxo honen izenburuan aipatzen dudan moduan, herria maitatzeko era asko daude, horietako bat, eta ez xinpleena, herriko jaiak, eta urtean zehar mota guztietako beste hainbat ekitaldi antolatzea da. Denbora, eta dirua ere, hainbat kasutan, poltsikotik jarriaz, eta behar baino gehiagotan hainbaten esker txarra ordainetan jasoaz. Ez dakit, Udalak dagoeneko erabaki duen Sanmiel egunean nor omendu. Iruditzen zait, ez litzakeela batere gaizki egongo jai batzordearen (bere osotasunean) lan itzela goraipatzea.
Gaurkoan, Sanmielak gogoratuaz, nire nostalgiatxoari izen-abizenak jarri dizkiodan honetan, eta nire egia batzuk aitortu ondoren, espero dut, laster, udazkenarekin batera, aurtengo Sanmieletan, zurekin, zuekin Urnietako festa-gunean topatzeko aukera izatea, eta berriro, egun gutxi batzuetan bada ere, sentitzen dudan herrimin hau, herripoz bihurtzea. Uda zoriontsua izan.