Euskal mundua orokorrean, eta batez ere, euskararen mundu txiki honetan, sarriegitan izaten dugu gure hizketaldiak edo idatziak kexekin hasteko tentazioa. Badirudi, arrastaka gabiltzanaren sentsazioa hedatzetik etorriko dela diogunaren edo idazten dugunaren arrakasta. Jarrera kontua da. Eta nik, gaurkoan esan nahi dizut eskuartean duzun Aiurriren ale hau gauzatuta ikusteak poz txiki bat sortu duela nigan. Bai, bizipoza ematen dit, krisiak krisi, honen atzean dagoen ilusioak eta asmo sendoak murrizketarik ez duela izan jakiteak. Bizirauteko ahalegina, eta zailtasun ororen gainetik aurrera egiteko asmo sendoa nagusitu direla jakiteak.
Bizi dugun garaia ez da betiko onena. Komunikabideei kasu egiten badiegu, eguneroko ogia dugu, berri txarrak handik, berri txarrak hemendik, eta batzuetan badirudi kondenatuak gaudela horiekin bizitzera. Politikari, bankari eta enparau… Dena ustelduta dagoenaren sentzazioa jasotzen dugu. Eta zalantzarik gabe, egiatik badu dosi handi bat. Baina orain, gure aurreko belaunaldietakoei leporatutakoa egin behar dugu guk ere?
Nerabezaroan eta gaztaroan aspertu ginen ederki aurreko belaunaldietakoen etenik gabeko kexak entzuteaz. Zenbat bider entzun diegu, “orain dena egina daukazue, ez zaudete kexatzeko moduan. gure garaian eskolara edo lantokira oinez joaten ginen, arropa garbitzera errekara, taloa jaten genuen, eta gurasoei errespetua genien, eta, eta…” zenbat buruko min, desgrazi eta ezbehar! Amaierarik gabeko marmarra, erretolika, beraiena.
Eta inork ez dezala pentsa, kexatzearen aurka nagoenik. Ni ere, kexatzen bainaiz prezioek etenik gabe gora egiten dutela ikusten dudanean, medikuak zenbaki baten moduan tratatzen nauenean, edo politikariek aho betearekin bere alde hitz eginagatik, gure kultura zein gutxi axola zaien ikustean. Baina, ezin gintezke hortan gelditu. Ezin dugu gure kausa gurutzbide bihurtu. Aurrera egin behar dugu zailtasunen gainetik. Erakutsiz, axola zaigula, egiten ari garenean sinisten dugula, baloratzen dugula, eta harro gaudela. Hori bai, sukalde lanak ondo eginda. Euskarak poza eman behar du, ez pena. Euskarak indarrak metatzea behar du, zale berriak egitea, ilusioa piztea. Eta hori da trasnmititu behar duguna.
Etorkizunera begira jarrita, aurreko belaunaldietan ez bezala, gaur egun esan genezake, nerabezarora iritsita, euskaraz irakurtzeko, eta irakurtzen dutena zailtasunik gabe ulertzeko nahiko trebezia badutela gaztetxoek. Orain, lortu behar dena da, tablet eta smartphona bezalako tresnak egunero eskuartean darabilzkin belaunaldiaren jarrera gure hizkuntzaren aldekoa izatea, modu askean, eta plazerra sentiaraziz. Euskaraz biziz eroso sentitu daitezela. Ez dezatela bizi euskara muga bat bezala adimena elikatzeko orduan. Begien aurrean duten kultura erreferentzi zabal horretan euskararen aldeko hautua egin dezatela modu naturalean.
Etenik gabe aldatzen doan gizarteak, etenik gabe egokitzen joatea eskatzen du. Orain arte, baserrietan bizirik mantendu da gure kulturaren ardatza den euskara, baina hori, baserriaren gainbeherarekin batera desagertzear da betiko. Beraz, euskarak, gainontzeko hizkuntzen modu berean, espazio berriak konkistatu behar ditu, eta dituen baliabide exkaxei zuku guztiei atera. Nork daki herri honetan euskalgintzan ari denak baino hobeto xoxei etekina ateratzen? Gutxik. Gainera, beti baliabide gutxirekin lan egiten ohituta dagoenak, ez du izaten hainbesteko mira-rik krisi garaietan. Abantailaren bat izan behar.
Agian, formato berriko Aiurriren ale hau, poliki, baldar, arrastaka dabil oraindik (berrikuntzaren sorminak), baina, etorkizunean begiak jartzen ditugunok tira eginez, eta ezinbesteko euskaltzaleon bultzadarekin, etsipenarentzako tokirik utzi gabe, lortuko dugu, lurrean ibili ondoren, airean jartzea etorkizuneko Aiurri berritua. Hala bedi.