Mila eratakoak izan litezke zitak; medikuarekin zita gaixo gaudenean; mintzalagunarekin zita kafe baten bueltan; ogasunarekin zita errentaren aitorpena egiteko garaian; nola bukatuko den ez dakigun zita itsua; edota, euskararekin zita, Korrika, Kilometroak edo Durangoko azoka bezalako hainbat ekitalditan.
Sarritan entzuten dugu Urnieta lotarako herria dela, hau da, goizetan jendez husten eta gauez atzera betetzen dena. Uste, edo errealitate hori aldatzeko, bertako biztanleek euren oinarrizko bizitza herrian egitea eta bertako giroa indartzea beharrezkoa izango da. Eta bide horretan doazen bi zita interesgarri aipatu nahi nituzke hemen; asteburu honetarako iragarriak dauden kutsu parte-hartzaile eta herrikoiko Liburuaren Nazioarteko Eguna eta Urnietako I. Mendi Lasterketa.
Larunbatean, sagardo-dastaketarekin, festa-izaera ere hartuko duen Liburuaren Egunak, erakargarria eta atsegina izatea du xedea. Ez naiz hemen hasiko literaturaren balioez, hezkuntzan duen eraginaz, edo emozioak hezteko duen gaitasunaz hitz egiten, soilik, egun hori libururen bat erosteko aprobetxatzea, ez legokeela gaizki esango dizuet. Zorionez, egun eskaintza zabala dago. Baita euskal literaturari dagokionean ere. Baina, horrez gain, Oilarraren promesa liburuaren irakurraldi publikoa egingo da. Helburua? Modu oso apal batean bada ere, euskal literatura ezagutaraztea eta irakurketarako zaletasuna bultzatzea; baita ere, gure hizkuntza zaharra gaztetzea, aurpegia eta bizia emanez.
Badira ia bostehun urte Bernart Etxeparek idatzi zuela: Euskara jalgi hadi plazara! Eta horretan ari gara, beti ere, kanpoko kulturez aberasteari utzi gabe, baina, aldi berean, gureaz besteak aberastuz. Oraindik badago zereginik, bai horixe! Horretarako, herri mugimenduen akuilu lana funtsezkoa da. Bestela, eta soilik erakundeen esku uzteak euskara sustatzeko ekimena, atzera pausoak emateko arriskua dakar. Herrian bertan, oraindik ere badira, soilik gaztelaniazko jarduna entzuten den ekitaldiak, eta beste hainbaten, euskararen normalizaziorako batere mesedegarria ez den hitzez hitz egindako itzulpena egiten da. “Lasai, den-dena itzuliko dizuegu, euskara ikasi beharrik ez duzue”.
Gai honen harira, gogora ekarri nahiko nuke, jakintza, kritika eta oroimena direla boterearen hiru izurik handienetakoak, liburuek funtsean eskaintzen digutena, alegia. Hori dela eta, historian zehar, dokumentuak eta liburuak erretzeko agindua askotan emana izan da, Alexandriako Liburutegitik Sarajevokoraino; azken hau, duela 20 urte exkax serbiar tropek suntsitua. Liburuak erretzen ziren Hitlerren edo Pinocheten sasoian, eta liburuak zein dokumentu ugari erre ziren frankismoaren errepresioak eraginda. Baita Urnietan ere. Erabat gaiztoa da edozein kultura edo jakintza erakusten duena erretzea. Baina, aipatu berri ditudan horien justizia zirt edo zartekoa, azkarra bezain zakarra zen.
Kirolera salto eginez, igandean, Urnietako I. Mendi Lasterketa egingo da. “Nolako zumitza halako saskia” dio esaera zaharrak; eta igandekoa, zinez ederra izango dela aurreikusi daiteke, askoren eta askotarikoen indar-metaketaren ondorioa baita. Horri, korrikalariek emandako erantzun bikaina gehituta, kristolako giroa izateko osagai guztiak ditu hitzorduak. Bezperan, proba egunean eta biharamunean asko izango dira modu batera edo bestera antolakuntza lanetan lagunduko duten herritarrak. Guztia aldatzen duen xehetasun bat ahaztu gabe: bihotzez egingo dute.
Gurean ere radio makutok funtzionatzen du oraindik, beraz, esaiozue adiskideari, bizilagunari, lankideari, gimnasio edo poteoko kideari: “Etor hadi larunbatean plazara, liburu irakurraldian zein sagardo-dastaketan parte hartzera, eta igandean Adarra aldera, lasterketa ikusiz eta bertako ondare historikoaz gozatuz mendi-buelta egitera, ederki pasako dinagu/diagu!”.