Bezperan

Erabiltzailearen aurpegia Joxeba Lizeaga 2012ko mar. 27a, 19:40

Negu luze eta hotzak bere azken hatsa eman ondoren udaberria lehen urratsak ematen hasia da. Gaur ere, martxoak 28, hor dago gizona, eguneroko legez, goizaldeko ordu txikietan, eskuetan duen hirugarren azkeneko Johnny Walker kopari hurrup! eginez. Tragoan barneratu du, ohi bezala. Bakarrik gelditu da tabernan, zerbitzariak hirugarrenez esan berri dio ixtera doala, eta etxerako bidea hartzea duela egokiena. Patxadaz hartu du, ordea, badaki etxean inor ez duela zain, ez eta ere, bihar jaikitzeko presarik. Bihar, grebarekin bat egingo baitu, egunero bezala.
 
Kalean, jadanik dena itxita dago, goardiako botika eta putetxea salbu. Piztu-itzalian dabilen neoiaren kolore desberdinen azpiko ate beltzaren aurrealdean, gizon helduen taldetxo bat ikusi du bertara sartu nahian. Aurrera jarraitu du. Esearen sindromeak, farolaz farola osatuz joan den etxerainoko bide osoan jarraitu dio. Ongi daki azken kopatxoetatik, batzuk soberan zeudela.
 
Behin sukaldean, goizean prestatutako baratzuri-zopa platerkada bat jateari ekin dio. Betidanik entzun izan du para el clavo, sopa de ajo. Ondoren, maindirepera joan ordez, egongelako besaulkira zuzendu ditu bere pausoak; eta pentsamendua, azken hilabete hauetan bere buruan jira-biraka ibili diren gertakari, bizipen eta sentimenduei buruzko gogoetak egiten hasi da. 
 
Badaki, batzuek bakarrik lortuko dutela, betirako oroitzapen bilakatuta, bere bizitzaren sokan txirikordatzea. Gehienak, ordea, galdu, bere memoriatik ezabatu, ahantzi egingo dituela. Denak gogoratu nahiko lituzke, baina gizakiok ez dugu halako gaitasunik eta bidaian aurrera egin ahala, denborak berak, halako selekzio natural baten bitartez, egiten du hautaketa. 
 
Azkenaldiko hilabete hauetatik denboraren galbaheak zer hautatuko duen ez daki seguru. Baina, bera, mentalki, galdu nahi ez dituenen zerrendatxo bat egiten hasi da: Gogoan du herriko jaietan txanpain kopak altxatu eta hurrengo urtean berriro elkartzeko hitza eman ziotela elkarri. Gogoan du ETAren behin-betiko su-etenaren berri izan zuen gau hartako lagunarteko afaria. Eta ondorengo parranda. Gogoan du ingurukoen esanari horrenbeste jarraitu ordez, bere barne-ahotsa gehiagotan aintzat hartzeko aholkatu ziola benetan maite duen norbaitek. Gogoan du betirako joandako laguna, berarekin zuen feeligna, bere irribarre eta begiratu sakona. Gogoan du zor dion guztia. Gogoan du lur-jota egon den bakoitzean, ez dela falta izan eskua luzatu dion adiskiderik. Itxita zegoen kaiolako atea ireki diona. Gogoan du...
 
Zerrenda amaigabea egingo luke, egingo genuke, gutariko edonork. Ez legoke batere gaizki, beti karril beretik ibili ordez, gure obsesioekin tematuta, noizbehinka hausnarketatxo batzuk egiteko bidean gelditzea, leihoa ireki eta gureganatzen den haize berria jasotzeko prest egotea. Ikaratu egiten garela, ahulak eta hauskorrak garela gogoratzea. Ikusiko zenuten, seguruenik, hain ziurra eta guztiz ahalduna dirudien Jose Luis Korta, lur jota, negarrez. Eta horrekin ez dut esan nahi negar egitea ahultasunaren seinale denik, ezta pentsatu ere! Hobe negar egitea, mindu eta amorrazten duen sentimendu hori barruan usteltzen uztea baino. 
 
Udaberri hasiera honetan, grebaren eta Aste Santuaren bezpera honetan, haserre egoteko, mintzeko, errebotatzeko, mila arrazoi baditugu. Hortxe dugu joan zen igandean Tolosan izandako indarkeria matxistaren erakusle den gertaera latza. Edota jada jasanezinezko neurrietara iristen ari den langabezia tasa. Hala eta guztiz ere, ez legoke batere gaizki gogoratzea ez dela egunsentirik gabeko gau hotzik izaten, eta bizitzaren alderdi baikorrak aurkitzen eta disfrutatzen saiatu beharko genukeela. Ez dugu kolorezko betaurrekorik behar bizitza modu ederragoan ikusteko, agian, nahikoa litzateke sentiberatusun gehixeago izatea bizitzaren edertasunaz jabetzeko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!