Irudi batek mila hitzek baino indar handiagoa du, esaera batek dioenez. Eta inauteria zerbait bada, irudia, posea da. Asteburu honetan hiri eta herri askotan inauteriak ospatuko dira. Urnieta ere ez da atzean geratuko, eta pixkanaka-pixkanaka gurean ere indar hartzen hasia da jai berezi hau.
Lehendik ere, bazuen jaiak tradizio txiki bat. Herritar ugarik parte hartzeko aukera izaten baitzuen, ikastetxeetan, Zaharren Egoitzan eta Bosko Anitz Aisaldi Taldeak antolatutako ekintza ezberdinetan. Baina, iaztik, Poxta Zaharren eskutik, jaia kaleratu eta kaletartu egin da, eta aurten, beste hainbat elkarteren babesa eta bultzada jaso du bide berri honek. Elkarlan hau beharrezkoa izango da urtez urte jaia hedatzen eta hobetzen joateko.
Noski, hau ez da Rio de Janeiro, ez da New Orleans, ez da Venezia, ez da Cádiz, ez eta ere Tolosa, Zalduondo edo Ituren. Baina, zer arraio! Gure inauteri jai xumeaz harro egon behar dugu, finean, beste herri eta hiri horietakoen moduan, guk ere primeran pasako baitugu. La letxe izango da!
Meeting point edo elkargunea, San Juan plaza izango da. Bertan egingo da herri bazkaria, bertan burutuko da esketx lehiaketa. Lagun taldeek edo koadrilek, aktore, dantzari edo kantari gisa jokatuko dute. Telebista eta zinema dira aurtengorako aukeratutako gaiak, modu zirikatzaile eta umore onez kritikatuz edo zenbait pertsonaia garrantzitsu imitatuz burutuko da. Urtean zehar, lekuz kanpo egon litezkeen txantxa horiek, inauterietan barre pixka bat egiteko erabiltzen dira, jendearen harridura eta alaitasuna pizteko.
Eta jaiak Idiazabal kalea hartuko du arratsaldearen azken orduak bertan igarotzeko. Espero dugu kalea trafikoari ixteko arazo berezirik ez izatea. Nahiz eta, jakitun izan herri honetan horrelako proposamenak egiten diren bakoitzean, potroukitzaile profesionalak bistaratzen direla.
Egia aitortze aldera, ez naiz oso inauterizalea izan. Gure belaunaldikoek ez ginen ohitu umetan ospatzera (horretarako aukerarik ez zelako) eta gerora ere, ez naiz giro horretan sartu, agian, ulertu ez ditudalako. Zerk eragiten ote du mundu osoko, ume, gazte eta helduek, urtean behin, pertsona ezberdin bat izateko nahia izatea, galdetzen nion ene buruari. Barrez, kantatuz, dantzatuz…, identitate berriarekin oso pozik ikusten nituen. Eta aurten, inoiz ez baita berandu, jaiari adarretatik helduko diot. Semeen haurtzaroko garaietatik ez zait otu mozorrotzea, baina, aurten berriro mozorrotzeko prest nago.
Baina, zertaz mozorrotu? Aurreko egun batean esan zidaten: “besterik ezean, nahikoa duk pijamaz jantzita kalera ateratzea”, noski, ez zekiten Marilyn-en moduan, nik ere, soilik Chanel-en perfumea janzten dudala lotarako. Zinema eta telebista izanik aurtengo gaia, egokiena, aktoreren baten paperean sartzea izango dut. Baina, zein aukeratuko dut? Mmmm, agian, George Clooney? Jo, baina, horretarako ez daukat mozorrotu beharrik! Kar-kar-kar…Demontre, zein zaila den hau! Zerbait bururatuko zait; eskerrak erabaki azkarrekoa naizen.
Inauterien ostean, berriro mozorro iraunkorrak jantziko ditugu, eta apaizek, errauste asteazkenean, errautsak jarri eta gogoraraziko dute: “Polvus eris et in polvus reverteris”. Ea bada, ekin gozatzeari, bizitza uste baino laburragoa da eta.
Adarra mendia zuri-zuri ikusten dut pareko leihotik, baina laster iritsiko da neguari agur esan eta lurra loalditik esnarazteko momentua. Musika, antzerkia, algara, dantza, magia, zarata, desmadrea, jaia… Irudimena agintari! Batzuentzat une gozoen eutsigarri eta beste batzuentzat une etsien gozagarri. Beraz, egun bakar batez bada ere, larunbatean sartu aurpegi serioa poltsikoan, lotsak alde batera utzi, arropa erantzi eta mozorrotzeko unea iritsi da!
Ez zaitez etxean gelditu, zatoz zu ere jai herrikoi honekin disfrutatzera. Horra nire gonbitea.