Horrela du hasiera Urnietako ereserki edo himnoaren letrak. Adarra mendia eta Urnieta lotuta, bat eginik daudela esan genezake. Urnietarrok gure-gurea sentitzen dugula, alegia. Batzuk Urnietatik, beste batzuk Andoaindik oinez abiatuta, eta gehienok autoz Besabiraino joan ondoren, bertatik oinezko ibilaldia hasteko, baina ziur naiz zuetako bakoitzak hainbat bizipenekin lotuko duzuela, ni, Adarra-Urnieta-Adarra mendi lasterketa albiste dela aprobetxatuz, nireak partekatzen saiatuko naiz ondorengo lerro hauetan.
Mendi batera igotzea beti da aberasgarria, besteak beste, zentzu guztietan ezagutzeko aukera ematen digulako. Adarra mendia, Donostialde osoko mendi enblematikoa da, donostiar askok bere menditzat hartzen du, Urnietan egonagatik. Bisita ugari jasotzen du, eta ez bakarrik gertuko herritarrenak, Euskal Herri osoko mendizaleentzat “ohiko” mendi horietako bat baita. Eta urteberri egunean ehunka mendizalek, eta ez hain mendizalek, bertara igoaz egiten dio ongi etorria urte berriari.
Adarrarako igoerak, berez ederra izateaz gain, balio erantsi ugari ditu, adibidez, gure kultura eta historiarekin zerikusi zuzena duten hainbat historiaurreko monumentu megalitiko bisitatzeko aukera ematen digu. Eta behin gailurrean, ikuspegi bitxia gure begien aurrean: iparrera begiratuz gero, porlana jaun eta jabe, eta atzealdean, ostertzeraino, Kantauri itsasoa; aldiz, hegoalderantz jiratzearekin batera, mendia, basoa, natura, bere zentzu zabalean aurrez aurre ikus genezake.
Begiak estrainakoz irekitako une beretik hasita, bizitza osoan aurrez aurre izan dudan Adarra mendiaren lehenengo aipamenak gure aitonaren ahotik jaso genituen etxean. Berak esaten zigun, nola negu partean elurrez betetzen zituzten lurrean egindako osinak edo elurzuloak… Azpian orbela jartzen omen zuten isolagarri bezala, eta ondoren, inguruetatik elurrezko bola handiak jira-biraka, zuloaren barrualdera jaurtitzen zituzten. Gero, behin eta berriz zapalduz gogortu egiten zen elurra, helburu bikoitza lortzeko: izotz bezala denbora gehiagoan kontserbatzeko eta okupatzen zen bolumena gutxitzeko. Zuloa guztiz betetzean, orbelez estaltzen zuten, eta tartean, adarrak, hostoak eta iñistorra ere sartzen zuten, izotza zatika jasotzeko lana errazteko xedearekin.
Lanaren bigarren zatia, udan egitekoa izaten zen. Orduan, uztarrian lotutako idi pareak tiratako gurdia hartu, elurzulotik ateratako izotz blokeekin zamatu, Donostiara garraiatu eta bertako taberna eta kafetegietan saltzen zuten. Bidaia ondo aprobetxatzeko bueltako bidea gurdia kargatuta egiten zuten, Ondarretako hondartzan gurdia hondarrez zamatzen zuten herriko obretarako erabiliko zen hondarra ekarriz. Lantegi honen gainbehera XX. mendearen lehen hamarkadekin batera etorri zen, prozedura elektrikoz izotza lortzeko teknika asmatu zenean.
Salesiar ikastetxean urteroko txangoa izaten zen Adarrako gailurrera egiten genuena. Urnietarrok, gure urnietartasuna agerian uzteko asmoz edo, aurreratu eta hango bidezidor eta pistetatik barrena, irakaslea eta gainontzeko ikasleak baino lehenago iristen saiatzen ginen. Irakasleak esaten zigun “si llega a estar la cumbre un poco más lejos os hubieseis ahogado en el esfuerzo”. “Es que nosotros sabiamos donde estaba la cumbre”, erantzuten genion.
Geroztik ere, birikak arnasberritzeko asmoz, sarritan izan gara bertan, eta hango paisaiak, hango koloreak eta formak, han bizitutako sentsazioak eta esperientziak, momentu polit horiek, betirako barnean gordeta ditut.
1976. urtean, Xaka, Morete eta Domingok, Ongi etorri tabernatik Adarrara igo eta jaitsiz egin zuten apustuan oinarrituz, hainbat urtetan San Juan plaza irteera eta helmuga izan duen mendi lasterketa ospetsua, urrats berri bat emateko atarian da, Xoxokan irteera eta helmuga izanaz eta maratoi-erdi bihurtuz. Zorte on!!!