San Tomas bezperan ari naiz lerrook idazten, eta eguraldi oso txarrarekin, ez dakik bada zaparrada hauekin bihar plazako azokagunera heltzeko kapaza izango naizen, igual surf tablarekin joan beharko dut, Trankatxeko errekatik, dena dala, Garik bere abestian esaten zuen moduan, “barearen ostean dator ekaitza”, Ez dakit bukaerarako ekaitza bihurtuko den, baina benetan barealdi ederra da niretzat zutabe hau idazten hastea.
Amaitu berria da aurtengo udazkena. Urteroko legez, “beroa” izango zela esan ziguten. Egia esan, urtero errepikatzen diguten zerbait da hori, baina aurtengoa beroa izan dela esan genezake, neurri batean, behintzat.
Eguraldi kontuak aipatuz hasi naiz, eta zeresana eman zuen udazken honetan ere. Azaroaren seian izugarrizko prezipitazioak izan genituen, egun bakarrean 136 litro metro karratuko egin zituen Urnietan, eta gure herrian kalte nabarmenik izan ez bazen ere, Oria zein Urumea ibaietako urak bere ohiko ibilguetatik kanpo ibili ziren, kalte handiak sortuz auzoko ditugun Hernanin eta Andoainen, besteak beste. Urak, garai batean bere espazio naturalak zituen eremuak errebindikatzen ditu tarteka, eta badirudi horri erantzun egokirik ematen ez dugula asmatzen.
Udazkenak, eta urteak izan duen egunik garrantzitsuena, gurean behintzat, urriaren 20a izan zen. Egun hartan ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitzea erabaki zuela adierazi baitzuen. Berandu, baina azkenean iritsi egin zen albiste pozgarria. ETAren indarkeriaren amaierak ez du euskal gatazka politikoaren konponbidea berez ekarriko. Euskal gizartearen gehiengoaren borondate politikoari bidea ixten jarraitzen dute, eta jarraituko dute, Espainiaren batasuna auzitan jartzen badu euskal gizartearen gehiengoak. Baina hesi hori, gainditzekotan, politikatik gaindituko da noizbait, aldaketaren aldeko indarrak batzetik, gehiengoak indartzetik. Hala ere, ez legoke gaizki, lehenik bakea elikatzea guztion artean, emandako urratsek atzera bueltarik izan ez dezaten.
Udazken honetan bolo-bolo ibili den beste gaietako bat, Iñaki Urdangarinena izan da. Bere garaian gorra zela argudiatuta soldaduska egitetik libratu zen (hau gorra bada, ni Tuterako apezpikua). Eta orain, eskua diru-kutxan sartzea gogoko duela erakutsi digu; irabazi-asmorik gabeko erakunde bateko kide bezala, gainera. Eskerrak! Eta ziur egon elementu honek egindakoen erdiak ere jakitera ez garela iritsiko. Eta gauzak horrela dauden garaian, “menturaz”, hor agertu zen bere aitagiarreba, Espainiako erregea, begi ondoa moretuta. Istripu domestiko baten ondorioz izan zela esan ziguten, eta ez dakit zuei, baina niri, Urdangarin etorri zitzaidan gogora bat-batean. Zenbat istripu izan duen gizon horrek! Harrigarria! Ikusten dudanero galdera bera etortzen zait burura: hori izan al zen esparmatozoiderik azkarrena? Sinestea kosta egiten zait. Etxeko balkoian baditugu geranio biziagoak!
Herritik abiatu naiz, eta herrian bukatuko dut. Azken orduko aldaketarik ezean, jakin berri dugu Urnietako Udalak, aurrerantzean zabor tasa kobratuko diela baserri-guneetan bizi diren herritarrei. Mekauenlaletxe! Eta nor naiz ni ezer galarazteko? Grande-Marlaska jauna, akaso? Ez noski! Baina, esan nahi diot entzun nahi duenari, norbaitzuk izan badira aurrerakoiak zaborra birziklatzen eta berrerabiltzen, gune hortako biztanleak izan direla. Gainera, beraien zaintza lanari esker Urnietak du horrelako paisaia natural zoragarria. Ziur naiz, mila arrazoi izango diztuztela tasa hori kobratzeko erabakia hartu dutenak; baina nik emango nizkieke mila eta bat, kobratu behar ez dela erakusteko.
Honezkero, gure amak esan du: zenbat hitz ezer ez esateko! Urteberri on ama. Urteberri on guztioi. Eta eutsi ametsei, krisiaren ondorioz gaizki pasatzen ari direnak eta etxetik urruti daudenak bihotzean.