Mundua berez da beldurgarria, ez dut pelikula tristerik egin nahi, esan zuen, Aki Kaurismäki zine zuzendari finlandiarrak, bukatu berri den Donostiako Zinemaldian, Le Havre, bere azken filma, aurkezteko eskaini zuen prentsaurrekoan.
Antzeko asmoa zegoela uste dut Urnietako aurtengo jai batzordea osatu dugunon buru-bihotzetan. Hau da, krisi garai zail honetan, egun batzuetako alaitasuna ekartzea eta umore txute bat izatea herritar guztien gorputzerako. Inoizko parte hartzerik handiena izan da antolakuntza lanetan, elur-bola gero eta handiagoa ari da egiten, eta horretaz jabetu nahi duenak nahikoa du jaien aurtengo programa eskuartean hartu eta elkarte ezberdinen artean zenbat ekitaldi antolatu diren ikustea.
Asko ari dira aldatzen Urnietako Sanmiel jaiak, batez ere, duela hiruzpalau bat urtetik hona. Herriko elkarte eta norbanako batzuek, eta Udal arduradunek ere, benetan sinistu zutelako jai herrikoi, parekide eta alai batzuetan, eta benetan sinisten duten hori praktikan jarri dutelako, praktikan jartzen dutelako jaiek irauten duten egun guztietan, antolaketan eta ekitaldietan parte hartuz.
Azken urteetan, hamarkadetan, Urnietako gazteek jaiak herrikoitzen saiatu ziren, baina, bidea oztopatu egin zitzaien behin eta berriz, erreta bukatzeraino. Halare, etorri dira belaunaldi berriak, etsi ez dutenak, Poxta Zaharren elkartu eta pixkanaka indarberritzen joan den mugimendua sortuz. Beste elkarte batzuekin batera hartutako bideari esker, izugarrizko suspertzea bizitu du jaiak. 2009ko Sanmielak mugarria izan zirela esan genezake; orduan, lehenengo aldiz Jakutegi plazan jarri baitzen karpa eta txoznagunea. Urte horretan jai batzordeak ahalegin berezia egin zuen festagune bateratu bat lortzeko. Eta emaitza ezin hobea izan zen. Jaia herrikoitu egin zen, txosnagunean, gazteak, helduak eta jubilatuak elkarrekin ikus zitezkeen lehenengo urtetik, eta ondorengo urteetan, bertan antolatutako ekitaldi guztiak gero eta parte hartze handiagoarekin burutzen ari dira.
Aldaketa haiekin hasitakoan ez genuen berehalakoan imajinatuko noraino alda zitekeen jai elizkoi, serio, ofizial, aspergarri eta taurino hura (gogoratzen duela urte gutxiko Erratzuko zezenketak?). Oraindik ere, badute ofizialetik Sanmiel festek Urnietan, badute elizkoi eta seriotik, baina asko aldatu da, asko ari da jaia aldatzen, eta jarraituko du aldatzen, hasitako bidea geldiezina izango baita.
Jaien aurreko asteburuan burututako Xabier Leteri eskainitako omenaldi herrikoiak, Idiazabal kaleko jaiak, eta Oianumeko Erregea eta bufoia ikuskizunak, lehen parrandak botatzeko aukera eman zigun eta zetorrenaren iragarpena egiteko ere bai.
Sanmiel bezperarako ilusio eta esperantza handia jarria geneukan, lehenengo aldiz Mielaren jaitsierarekin hasiko ziren jaiak, ustez, dena ondo lotuta zegoen, soilik falta zen herritarren erantzuna nolakoa izango zen jakitea. Iritsi ziren arratsaldeko zazpiak eta San Juan plaza beteta ikus zitekeen, ehundaka herritar, zapi morea eskuetan zutela, elizako dorrera begira, eta hori ez zen gertatu kolpetik fededun bihurtu zirelako, ez, baizik eta Mielaren jaitsiera ikusteko eta bizitzeko gogoa zutelako. Bai, iaz Poxta Zaharreko gazteek sortutako pertsonaia, lotsati halakoa! Beraiekin geratu zen jaiek iraun zuten bitartean. Baina, aurten... aurten MIELA ARMAIRUTIK ATERA DA! Eta jada herritar guztiena da. Adin eta kolore guztietako elkarte eta herritarren eskuetatik pasa da. Beraz, esan genezake Mielaren presentziarekin jaietako beste mugarri bat jarri dela.
Eguraldi bikainaren laguntzaz, eta egun zein gau-giro apartarekin ospatu diren jaien beste ezaugarrietakoetako bat, bertan izan diren otordu ugariak izan dira. Txupinazoa jaurti ordurako hasi zen patata tortilla lehiaketa, bikaina benetan, adin guztietako laurehunen bat herritar, berrogeita hamar taldetan banatuta, lehenengo tortillak prestatzen eta ondoren jaten. Gerora, etorri ziren hegaluzearen dastaketa, olagarro jatea, oilasko jatea, paella jatea, txekor jatea, eta bateko zein besteko bazkariak. Eta badakizue, janak edana ekartzen du. Azkenerako gibela ere protestatzen hasia zela uste dut.
Gure jai txikira etorriz, urtetik urtera handitzen ari da Iñistor jaia. Ederra izan zen baserriko emakumeei eginiko omenaldia, gaixoak urduritasunarekin ia bazkaldu gabe geratu baziren ere. Arrakastatsuak izan ziren, baita ere, bertso saioa, bakarrizketa emanaldia eta jada kontsolidatuta dagoen irrintzi lehiaketa. Jasotako laguntzarik gabe ezin izango genukeen San Miel egunekoa bezalako egitarau trinkorik antolatu. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiet hemendik bidea erraztu diguten guzti-guztiei; Udalari, kultur teknikari eta Udal langileei, Txanbolin, Banaiz Bagara eta Egape dantza taldeari, Maikarmeni, Jaioneri, Itziarri, Arantzari, Isidrori, Juan Mariri, Iñakiri, Fermini, Juleni..., mila esker. Eta besarkada handi bat bikotekide artistikoa izan dudan Gentzaneri.
Eta zer esan igandeko jaien amaieraz? Ez da erraza han bizitutakoa adieraztea. San Juan plazan Miela despeditzeko bildutako ehunka herritar haien artean sortutako giro apartekoan sumatzen zen materiala ez den ondarea, ukitu ezinezkoa, airean, atmosferan nabari zena. Ez nago Amerika deskubritzen, esan nahi dudana da herri bat horrela elkarturik ikusteak zirrara eragin zidala. Horrenbeste herritar agurra dantzatzen ikusteak, zirrara eragin zidala. Eta, baita ere, mila detaile txiki bizitu nituela, edozein gertaeren aurrean detaileak baititut gustuko, txikikeriak diruditenek beste edozerk baino gehiago erakusten baitute askotan.
Hurrengo egunetan, jaietako ajea igarota, balorazioen ordua iritsiko da, indargune eta ahulguneak antzeman ostean, berriro guztion energia bildu eta datorren urteko jaietan loratuko den hazia jarrita uzteko. Baina, jada esan genezake urnietar guztiak harro egoteko moduko jaiak izan direla, norabide onean goazela, asmatu dugula. Eta Miela armairutik atera dela.
Aurreko astean, duela zazpi urte Hiazinto Fernandorenak idatzitako artikulu batek bete zuen orrialde hau. Gaurko lantxoa berari eskaini nahi diot. Eutsi Hiazinto!