Hainbatetan atzeratu ondoren, pasa zen igande arratsaldean eman zuen Urnietan kontzertua Benito Lertxundi kantari oriotarrak, aurrekoa eskaini zuenetik ia 33 urte betetzear direnean. Ordu erdi lehenagotik hasita, adin guztietako (batez ere 40 urtetik 60 urtera artekoak) jendea ikus zitekeen lerroa osatuz kiroldegiko ate aurrean. Gai bakarra guztion ahotan, “iritsi da azkenean kontzertuaren eguna”. Ez zen egunik egokiena, ez zen ordurik egokiena, baina hala ere, hirurehun lagun pasatxo bertaratu ginen.
Hamar minutuko atzerapenarekin, taldeko zortzi musikariak inguruan zituela, lasai, mantso, patxadaz, kirol oinetakoak, galtza bakeroak eta polo grisa soinean agertu zen oholtza gainera. Esker onez publikoa agurtu, gitarra soinean hartu eta ekin zion lehenengo kantuari.
Ondoren, kontzertua Lurdes Iriondo eta Xabier Leteri eskainia zela adierazi zuen. Entzuleek txalo zaparrada batekin hartu zituzten hitzok. Hasierako kantua, eta bata bestearen ondotik emandako ondorengo bostak ere berriak ziren. Doinu biziak, sarkorrak, lasaiak, denetik izan zen..., egunen batean plazaratuko duen disko berriko lagin bat. Oraindik, eta berak esango lukeen moduan “guztiz bukatu gabe daude, bideko hautsa hartu behar dute”.
Pieza instrumentalak garrantzi handia izan zuten kontzertuan zehar, bederatziraino eskaini baitzituzten. Angel Untzu, Joxe Mari Irastortza, Kutxo Otxoa de Eribe, Juantxo Zeberio, Olatz Zugasti eta gainontzeko musikariak luzimendurako aukera bikaina izan zuten, eta ez zuten alferrik galdu. Lanera etorri ziren.
Baina giroa benetan berotzen hasi zen “Baldorba” abesti ezagunarekin, jendea lehen notetatik txaloka eta kantuan hasi zelarik. Txaloak ez ziren isildu, hurrengo kantuarekin hasi arte. “Itsasoari begira” abestia, oraindik nahiko berria izanagatik, jada klasiko bihurtu da, eta jendeak txistu joaz doinua jarraitu ondoren, txalo zaparrada eragin zuen.
“Orbaitzetako arma ola” kantu zoragarria ere eman zuen, jakinarazi zuen badirela urte batzuk leku hori kultur-ondare izendatu zutela, eta geroztik, ezinbestekoa egiten zaiola errepertorioan sartzea. Amaieratik hurbil, Jose Mendiage baxenafartarraren “Kantuz” abesti ezagunaren bertsio bikaina eskaini zuen. Eta giroa bero-bero zela, azken kantuarekin Leteri keinu bat egin zion “Xalbadorren heriotzean” entzulegoarekin batera kantatuz. Kantaldia ezin hobeto jantzi zuen.
Arnasa hartzeko betarik eman gabe, jendea “beste bat” eskatzen hasi zen. Eta horrela, txaloen eta txistuen arteko eromen zoragarri batean iritsi zen bisen tartea. Norbait duda-mudatan bazen, lanerako zeudela berriro erakutsiz, ez bat eta ez bi, lau kantu eskaini zituzten, “Mirotzak”, bere oriotartasuna errebindikatuz, “Nere herriko neska maite”, “Iluna denerako” eta “Zenbat gera”. Azken honekin, gitarrarekin maisua dela berretsi zuen, argiekin jokatuz egindako bakarkako saio indartsuarekin eltzea lehertzeko zorian jarriz.
Amaieran jendea zutik, txaloka, txistuka, oihuka... Giroa behetik gora berotzen joan zen kontzertuak iraun zuen bi ordu laburretan. Beno, denentzat ez zen laburra izan, horrela aipatu zidan behintzat, pixagura aguanta ezinik zegoen adindu batek.
Antolakuntzari dagokionez, nahasmen ugari sortu duten hainbat atzerapenez gain, goxotasunik gabeko agertokia izan zen prestatu zutena, eta gainera, oholtzaren atzealdeko oihalean proiektatutako irudiak ikusi ezinik geratu ginen, kiroldegira kanpotik sartzen zen argiak galarazten zuelako. Goizuetako jaietan su artifizialak eguerdian jaurti zituztenean izandako sentsazioa berdina izan nuen.
Benitori dagokionez, izugarrizko meritua berea, kontzertu bikaina, indarrez betea eskaini zuen, bere 69 urterekin, euskal kantagintzako lehen lerroan mantentzen dela argi utziaz.