Eginda! Tximista bezain azkar igaro da Korrika 17 Urnietatik. Hori da sasoia lekukoa eraman duten herritarrena! Ez dakit Irungo haragia jaten ote duten, baina 110eko abiadura-muga gainditzear izan dira; eskerrak azkenaldian hainbeste ugaldutako radarrik gurean oraindik ez duten ipini. Ondorengo gosaria, kafesnea eta kruasanarekin, Aballarri tabernan egin dugu. Batzuek ohera eta besteek beren zereginetara joan direnean, kale garbitzaileak udazkeneko orbel barreiatuak eskobatzen dituen moduan, hemen geratu naiz Korrikaren inguruan bizitutakoak paperera biltzeko, eta bide batez, hausnarketatxoren bat egiteko xedearekin.
Gaurkoa polito joan da, jende multzo handia kalera irten gara gure jogur gorputza eta profiden irribarrearekin, trikitilariak girotutako kalejiran parte hartu eta Korrikari harrera egitera. Badakit, goizaldeko ordu txiki horietan batzuei loa galarazi diegula (albo kalteak), eta maindirepetik, bati baino gehiagori burutik pasako zitzaiola “pintxo morunoak egingo nizkiake esnatu nauten horien barrabilekin!”. Hala ere, zer gozada den lan bat aurrera ateratzea, mila buelta, bilera, buruhauste, neke eta pozen ondoren, honengatik edo besteagatik, gehiago edo gutxiago, baina lekukoa iristean jendea hunkitu egiten dela ikustea. Bezperako gaztetxoen Korrika txikia eta ondorengo flash mob ekitaldian sortutako giroa ere ez zen txikiagoa izan. Lan bikaina ikastetxeek burututakoa.
Euskararen aldeko ekimena 17. ediziora iritsi denean, Korrika batzorde bat osatu da Urnietan ere. Badakigu ez dela erraza helburu baten inguruan jendea elkartzea borondatezko lana egiteko, baina lan talde serioa osatu da oraingoan. Play Station belaunaldiko batzuk ere baziren tartean eta erakutsi duten lanerako gogoa eta prestutasuna aipatu eta zoriontzeko modukoa izan da. Besteak-beste, beraiei esker, adin ezberdineko herritarrak elkarrekin euskaraz abestuz, kantu-afari ederra egin genuen.
Eta orain zer? Esan nezake, euskararen inguruan gauzak ez doazela ondo. Esan nezake, gaztetxo askok kanpoko erreferentziekin funtzionatzen dutela hizkuntzari dagokionez ere. Esan nezake, haurrak euskaraz erregistratzea zilegi, baina zailegi dela oraindik; edo, instituzioetan oraindik ere gure hizkuntza erabiltzeko zailtasunak aurkitzen ditugula; edota, telebistako hainbat programetan artaburu batzuk bagina bezala tratatzen gaituztela... Euskarak egunero pairatzen dituen bidegabekeriekin zerrenda amaiezina osatzeraino. Baina, hori ez da nobedadea. Beraz, ezin gara egunero ozpinduta, kexaka eta negarrez ibili. Umorea eta imajinazioa ezinbestekoak ditugu bizitzarako eta baita gure hizkuntzaren biziraupena bermatzeko ere. Eta Korrika, horren erakusle paregabea da, aldarrikapena festa itxura hartuta. Ondo pasatzea eta kritika ez baitira elkarren aurkakotzat hartu behar, elkarren osagarritzat baizik.
Baita ere, gure hizkuntzarekin harro egotea, eta bere aldeko jarrera aktiboa izatea garrantzitsuak dira; bilbotarrek beren hiriarekin betidanik egin izan duten moduan. Zer daukate ba erakusteko? Orain gehiago. Duela gutxi arte? Hala ere, izugarrizko altxorra izan balute bezala saltzen zuten. Halaber, aipatzeko modukoa iruditzen zait, orain hilabete pare bat, Raul Agne, Kataluniako Girona futbol taldeko entrenatzaileak, katalan aktiboa dela erakutsiz, eskaini zigun leziotxoa. Berak zuzentzen duen taldeak Huescan jokatutako partidaren ondorengo prentsaurrekoan, kazetari batzuek galdera bati katalunieraz erantzuten utzi ez ziotelako, agerraldia bertan behera utzi zuen. Ingeleraz hitz egin izan bazuen, arazorik ez litzatekeela egongo esanez argudiatu zuen bere jarrera. “Si senyor amb dos collons” pentsatu nuen neuk ere.
Erdi-lo, (edo erdi-esna) idatzitako artikulu hau bukatzeko zer ederrago aurtengo Korrikaren leloa baino: maitatu, ikasi ari... Festak jarraipena izango du igandean Donostian.