Bagare!

Erabiltzailearen aurpegia Joxeba Lizeaga 2011ko ots. 2a, 18:10

Arratsaldeko bostak joak dira eta aurreko asteburuan Saroben eskainitako lau emanaldien ondoren, Urnieta'59 ikuskizuna azken txanpara iritsi da. Basteroko hirugarren kamerinoan hasi naiz hitzok idazten; inoiz ez nuen (genuen) amestu ere egingo horrelako kamerinorik erabiltzeko aukerarik izango nuenik (genuenik), Bost kamerino zein, zein baino ederragoa. Artista amateurrak profesionalen mailara igota!

Anoetan Reala jokatzen ari den une berean, Bastero (500 eslerleku) BETETA dagoela jakitea izugarria da. Teknikariek bafle bat jarri digute kamerinoetatik emanaldia jarraitzeko, eta berehalakoan konturatu gara ikusleak saioarekin gozatzeko gogo biziz etorri direla, segituan hasi dira barrez zein txaloka. Kriston festa!

Ordularia aurrera doa eta berarekin batera emanaldia ere bai, antzezleen joan etorria etenik gabekoa da, arropa aldatzera, atseden hartzera, komunerako joan-etorriak, tentsioa, emozioa, poza, elkarri animoak, besarkadak..., antzeztea, modu batean, jendaurrean biluztea da, pertsonaia bakoitza gorpuzteko, barrutik, garenetik, asko atera behar baita.

Seietarako bi minutu besterik ez dira falta eta hor ari dira Roxa eta Gentzane, gure baserritarrak “jo eta fuego” ikusleen barre-algaren artean. Bat-batean bukatu dute, eta taulagainean iluna nagusitu da... Azkenekoz arnasa sakon hartu “barruan dudan guztia eman behar dut”, agindu neure buruari, eta barrura abiatu naiz. Iruñarrek diote Sanferminak ez direla erabat goitik-behera bizitzekoak, “momentikoak” egoten direla, eta bakoitzak berea aurkitu behar duela. Nire “momentikoa” da! Argia piztu ordurako jendea barrezka hasi da, eta eszena guztian zehar jarraitu du jarrera horrekin... Zirraragarria izan da!

Kamerinora jaitsi, izerditutako kamiseta erantzi eta manifako eszenarako arropak jantzi ondoren, emozioz zipriztinduta, idazten jarraitzen dut.  Sentimenduak oraindik ez dira ikusten erradiografia edo ekografietan, eta hemen pilatutakoak adierazko, hitzak ere, kartzela bihurtzen dira.
Gazteak prest daude guatekeko eszenara irteteko, zer poza ematen duen ikustea, beraiek dira etorkizuna!

Hilabeteetako lana helmugara iritsi da. Zuzendari jauna, ze pelma izan zaren! “Datorren astean entseguak egunero. Gauza batzuk aldatu nahi ditut”. Eta ekoizpen zuzendaria, ze astuna! “Irabazten ohituta zaudete eta hori ez zait batere gustatzen...”.

Besteen moduan, nik ere zorion zaparrada jaso dut (kritikak ere onartzen dira) eta ez nuke bat bera ere niretzat gorde nahi, taldekide guztien artean errepartitu nahi ditut, zerbait izan bagara, lagun talde bat izan garelako, elkar elikatu dugulako, paper nagusiak zituztenak eta txikiagoak genituenak, musikariak eta dantzariak, teknikariak eta kantariak..., denon artean osatutako puzzlea izan da.

Bagare! irakurri daiteke idazten ari naizen mahaiaren gainean dagoen kamisetan. Bagare! lelopean ospatuko da ekainaren 19an, Laudion, Araba Euskarazen aurtengo edizioa. Eta urnietarrok ere harro esan genezake bagare!  Edo hemen esango genukeen moduan BAGERA!

Eta zer esan larunbat gauean Oianumen bizitutakoaz? Ederra izan zen momentu haiek guztiekin konpartitzea, mila esker, bertsoekin, irrintziekin, imitazioekin... ikuskizuna edertu zenutenoi. Mila esker Maxux, Leopoldinaren agurra prestatzerakoan gurekin bat egiteagatik; eta milaka esker txouaren alma mater-a izan zen Gentzaneri. Ez zara Kim Bassinger, baina neskato zoragarria zara. Ondorengo parranda eguna argitu arte luzatu zuenik ere izan zen.

Ez nuke bukatu nahi, oraingo ikuskizunean parte hartzerik izan ez duen Arantzari besarkada handi bat eta animoak bidali gabe. Emanaldi guztietan akorduan izan zaitugu. Arantza maite zaitugu.
Marizulo, Urnieta'59, trilogia osatzeko bakarra falta zaigu, noizbait iritsiko da! Baina orain ez litzaiguke batere gaizki etorriko palmondo eta kokoteroz beteriko irla abandonatu batean galtzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!