Bakarrik zaude ezta? Ezetz, ba oraintxe bertan hartu Aiurri eta zoaz komunera. Atea itxi eta maratilari eman. Zurekin bakarrik egon nahi dut. Goizeko ilargi bete zoragarriak apur bat lasaitu nauen arren orain ez nago batere lasai, azken zutabea izango denaren atzerakontu puta hau dut burukomin. Gainera, zuzendariak 2.000 karaktere ziztrinetik ez pasatzeko esana dit. Bai banoa. Betirako? Ez dakit. Oraingoz behintzat, azkenekoa izango da. Ez dakit burmuina lehortuta dudan (ohi baino lehorragoa), obiedadeak esateaz aspertuta nagoen, erre egin naizen, edota Aiurrin gauza arraroak ikusten hasia naizen.
Oteizak obsesioa omen zuen hutsa eraikitzearekin, ba nik ere hutsune txiki bat eraikiko dut zutabe hau dagoen tokian. Ziur, norbaitek berehalakoan beteko duela modu egokiagoan. Azken finean idatzi ere, barruan sentitzen dugun hutsune bat betetzeko idazten dugu. Gure egonezina adierazten dugu, agian, egotea baino gelditzen ez den mundu batean bizi garela konturatu ere egin gabe. Batzuk, solysombrak edanez betetzen dute hutsune hori, beste batzuk mendira joanez edo maindirepean sartuz, eta bada etxeko komuna garbitzen geratzen denik… Niretzako, ordenagailuaren aurrean jarri eta teklak zapaltzea izan da helduleku azken boladan.
Batzuetan, hutsunea beteko zuen hitzik topatu ezinik ibili izan naiz pantaila zuriaren aurrean, eta horrelakoetan sufritu egiten da. Sufritu bai, baina sufritu baino gehiago gozatu egin dut honekin. Hori bai, ez nuen inor liluratu nahi, horregatik nire sua artifiziorik gabekoa izan da, nire eguzkia itzalik gabekoa.
Badira azkar igotzen diren pertsonak, bila ari diren hori aurkitzeko gogor saiatzen direnak. Baina ni ez nintzen ezeren bila ari... Mila esker, aukera eman zidatenei, eta batez ere mila esker txoko honek bizirik iraun duen denboran lagun izan zaitudan horri, benetan, plazer bat izan da. Besarkada bat paperaren beste alderaino. Ondo izan, baina ez izan onegia. Atera aurretik ez ahaztu bonba bota eta argia itzaltzea. Eta bihar egunsentian mendebaldera begiratzen baduzu, ilargi betea zuri begira ikusiko duzu.