Emakumeak etxean familia zaintzen, eta gizonak kanpora dirua irabaztera, edozein ordutan fabrikarako gertu, ordu-estrak sartzeko prest. Langilea, horrenbestez, etxeko lanen zamarik gabekotzat jotzen zen. Eta lan hori isil-isilik eta soldatarik gabe egiten zuten emakumeek. Etxeko lanak egitea baliorik eta nortasunik gabeko jardueratzat hartzen zen eta gizonezkoentzat ia ikusezina. Horrela jokatzen zuen belaunaldi baten ondorengoak gara gu.
Gure belaunaldian, emakumea etxetik kanpoko lanaren bila abiatu zen eta gaur egun hori orokortu den errealitatea da. Ez oraindik ordea, edozein lanbidetan; XXI. mende izanik gezurra dirudien arren, oraindik gizonezkoen lanak eta emakumeenak bereizi egiten baitira sarritan. Familia batek bere
4 hilabeteko haurra zaintzeko iragarki bat jartzen baldin badu eta lanpostu horretarako gizon bat eta emakume bat aurkezten badira, ezer jakin aurretik emakumea aukeratuko lukete. Berdin gertatuko litzateke gasolindegi edo tailer mekaniko batean lan bila emakume eta gizonezko bana joango balira. Gizona aukeratuko lukete.
Emakumeak etxetik kanpo lan egite horrek ez du hobekuntza ekarri maila guztietan. Emakume gehienei, etxetik kanpoko lan ordaindua izateak ez baitie etxeko lanen zama arindu, eta ez etxe barrukoak bakarrik, nor arduratzen bada erosketak egiteaz, umeak eta zaharrak zaintzeaz, norbait medikuarengana eramateaz eta beste hainbat kudeaketaz? Emakumea. Hala esaten digute inkestek. Eta senak. Ondorioz emakume askoren lan-egunak, amaiezinak bihurtu dira.
Topikotik baino errealitatetik gehiago baitu oraindik, gizonezkook etxeko lanetan zein gutxi laguntzen dugun eta emakumeek zenbat lan egiten duten. Izan ere, hori gertatzen da gaur egun kasu gehienetan, eta, zoritxarrez, antzera jarraitzeko itxura du. Nolanahi ere, gutxika, gaur egungo gizartearen ideologia aldatzen doa, eta gero eta parte-hartze handiagoa dute familiako kide guztiek etxeko lanetan.
Nire buruak, epe laburrean aldaketa sakonak gertatzea zaila dela dioen arren, nire bihotzak gauzak hoberantz joango direla sinestarazi nahi dit. Ea guztion artean gizon eta emakumeak gauza guztietan maila berean egotea lortzen dugun! Labadorak bukatu du, eta arropak zabaltzera noa.