Zaila da euskalduna izatea. Gure txikitasunaren aurka borrokatzen ari baikara urtea joan, urtea etorri. Baina zergatik handia izan behar? Noren ereduz ari gara txiki garela esaten dugunean? Zuek ere entzungo zenuten noizbait, gurea bidaiatuz sendatzen dela. Maiz entzun izan baitugu horrelakorik, bere gari-sorotik inoiz atera gabeko hizkuntza handidunaren ahotik, espainiera beste hizkuntzarik ez dakien hainbaten ahotik. Gure ondoan bizi diren bi hizkuntza erraldoiak hartzen ditugu eredutzat, frantsesa eta espainiera. Gure burua ispilu horretan begiratzen dugu, horixe baita sinestarazi digutena.
Eta horrek ekartzen du indar erakustaldiak egiten denbora eta energia ugari xahutzea. Adibidez, martxan den Euskal Herriko Bertsolari txapelketa nagusiaren finala Barakaldoko BECen egingo da, duela lau urte egin zen moduan. Eta badirudi hori zerbait naturala izatetik urrun dagoela. Zein da helburua, bertso egarriz dagoen milaka bertsozaleri toki egitea, edo modu artifizialean bada ere, egun horretan, kosta ala kosta BEC betearen irudia saltzea? Nago irudi hori ez ote den txinatar dendetako Rolexen modukoa? Gezurrekoa. Urte osoan bertso saiorik entzun gabeko hainbat jende joango da, idiak nora, gurdia hara. Zenbat entzule izaten dituzte urtean zeharreko bertso emanaldiek? Herrian bertan, puntako bertsolariekin eta sarrera dohainekoa izanagatik.
Zenbatetan ikusi ditugu areto erraldoiak 20 ikuslerekin? Ekitaldiak antolatzeko orduan ere gure indarrak neurtzen jakin beharko genuke, besteekiko konparazioetan aritze horrek garena baino txikiago bihurtzen baikaitu, izpirituz bederen.
Baita ere, hor ibiltzen gara kilometroak, Herri Urrats, datorren igandean ospatuko den Nafarroa oinez, Korrika eta nik ez dakit zenbat karrera eta ekitalditan gure kontzientzi iluna estaltzen. Aparrak garagardoa estaltzen duen bezala. Euskararen alde egin beharrekoak ez du horrenbeste esfortzu fisiko eskatzen, ezta gutxiago ere, nahikoa da toki guztietan euskaraz hitz egiten saiatzea, eta euskal produktuak erosi, irakurri eta dastatzea. Baina hori ez da jendaurrean egin beharreko zerbait, nahikoa da bakoitzak bere etxean, bere familian, bere lagunartean egitea, horretan plazera bilatuz, naturaltasunez.