Astelehen goiza da eta eztarria marrantatuta esnatu naiz. Eztarria marrantatuta eta atzoko egunak utzitako lan estra mordoa egiteko, koktel ederra asteari ekiteko!
Iñistorra Biltzarrarentzako berezia izan zen atzokoa, batetik, Sanmiel jaien hasierako txupinazoa jaurtitzeko ohorea izan genuen, eta bestetik Iñistor eguna. “Lau katu” garela kontuan hartuta agian lan gehitxo egun bererako.
Txupinazoaren unea zoragarria izan zen. Lehenik, bi ikastetxeetako haur danborradak plazara sartzen ikustea hunkigarria izan zen... eta eliz dorreko ordularian hamabiak iritsi zirenean Rosak irakurritako pregoia ere bai, eta zer esan Gentzanek botatako irrintziaz? Joanitok jaurti zuen txupinazoarekin bukatu zen ekitaldia. Emozioz betetako aurpegi bat baino gehiago ikusi nuen, eta neroni ere eztarrian korapilo txiki bat egin zitzaidala aitortu behar dut.
Baina, Iñistor jaia gainean genuen eta berehala ekin genion lanari azken orduko prestaketak burutzeko. 120 lagun izan ginen bazkaltzen, ondo. Gero etorri ziren bertso saioa, Urnietar Prestu izendapena, zorionak Praixku! Eta abar. Berezia eta arrakastatsua suertatu zen irrintzi lehiaketa. Harrobia badagoenez, gu datorren urtean bigarren edizioa antolatzeko prest.
Jaietako ekitaldiak antolatzen ibilitakoak eta dabiltzanak ondo dakiten moduan lan eta buruhauste ugari ematen du hauek antolatzeak. Guk ere kanpotik jasotako laguntzarik gabe ezin izango genukeen igandekoa bezalako egitaraurik antolatu. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiet bidea erraztu diguten guzti-guztiei; Udalari; kultur teknikari eta udal langileei; Txanbolin eta Egapeko dantzariei, Poxta zaharreko gazteei, jai-gune bateratua izateko emandako urratsarengatik; Marikarmeni, Itziarri, Piliri, Jaioneri, Arantzari...mila esker. Euskaraz bizi nahi dugunon herria eraikitzen jarraituko dugu!