Argazkiak

Erabiltzailearen aurpegia Joxeba Lizeaga 2009ko ira. 23a, 14:53

Ez dakit gogoratzen zareten, baina izan zen garai bat argazkiak errebelatzera eramaten genituena. Horretarako denda ugari genituen bazter guztietan. Halako batean hogeita lau ordutan errebelatzeko zerbitzua eskaintzen hasi ziren, eta geroago etorri ziren eskaintza erakargarriagoak. Kafetxo bat hartzeko denbora tartean edo paseotxo bat ematen genuen bitartean goizeko gure emozioak paperean ikusteko aukera ematen ziguten: ahora ondar aleak sartzen hasten zen umea, arroka batetik uretara jauzi egiten zuena...

Eta nola ez, oporretako irudirik gogoangarrienak. Hori bai, argazki-dendako enplegatuak botako zigun begiratu inkisitorialaren susmoa izaten genuen eta apur bat beldurtuta bizi izaten genuen errebelatutako argazkiak jasotzera joateko unea. Zer pentsatuko ote du nire mitxelinak ikusitakoan? Eta musu horretaz? Eta eskotearen tamainaz, tangaz, edo hondartza nudistaz? Intimitate hori konpartitu beharra gogorra egiten zitzaigun eta saiatzen ginen errebelatu hori ahalik eta anonimoena izan zedin. Hipermerkatu batera joaten ginen, edo inork ezagutuko ez gintuen bizi lekutik urrutixeago zegoen dendara.

Bai, debekatua zegoen oporretatik bueltan argazkiak errebelatzea, ezinezkoa baitzen gure argazki denda ezagun horretako enplegatuaren aipamenen bat jaso gabe geratzea. Aipamen dibertigarria berarentzat baina ernegarria guretzat.

Ez dakit akorduan izango duzuen. Izan zen garai bat horrelakoak gertatzen zirena. Baina argazki kamera digitala iristearekin batera dena etxean geratu zen. Eta bide batez aprobetxatu genuen argazki kameraren aurrean askoz ere pailazokeri gehiago egiteko. Azken finean inork ez zuen izango gure txorakerien berri eta gogoak eman adina argazki eta aurreko egoeran ausartuko ez ginen posturetan ateratzen hasi ginen.

Hortik argazkiak ukitzera, “retokatzera” pauso bat besterik ez dago. Photoshop-a erabiliz, hain grisa den gure bizitza, kolorez beteaz. Nahi adina aukera ematen du: argaldu, edertu, titiak handitu eta txikitu, negu erdian beltzarandu...baita ere argazkian “kolatu” den tipo jasanezin hori kentzekoa, edo urdina amesten genuen itsasoko zaborra ezabatzekoa.

Bitartean, gure “konfiantzako” argazkilaria, lanik gabe, dendako atarian zigarroa ahoan duela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!