Aiurriren 200. ale hau argitaratzen dela eta gaurkoan ez dugu idazteko gai bila ibilaldi luzea egin beharrik izan. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula edo akerraren eguerdiko doministikua aldizkari xume hau 200. alera iritsi izana; nola sortu zen eta bost urte hauetan bidean izan dituen zailtasun eta traba guztiak kontuan izanik asko baitziren honaino iritsiko ez zela uste zutenak. Beraz, ezer baino lehen, hasiera-hasieratik proiektu honetan sinetsi eta parte hartu duzuen guztioi mila esker.
Orain ere ez ditugu garai errazak bizi, azkenean krisialdiaren zipriztinak guztiengana iristen ari baitira, eta Aiurri ez da salbuspena. 200. alearen ospakizunean Berlusconik antolatzen dituen jai horietako bat egin ordez, italiarraren eredua alde batera utzi eta japoniarren ereduari jarraiki, ospakizun guztia gehigarri hau egitera mugatzea erabaki baitugu.
Ez dakit argitalpen honek zenbat lagundu duen urnietarren artean euskararen erabilpena bultzatze lanetan, baina gero eta ugariagoa den erdal informazio zaparradaren aurrean gure hizkuntza, besterik gabe, bere horretan mantentzeko ere gero eta bitarteko gehiagoren beharra izango dugula garbi dago. Garaipen pirrikoa izanagatik, pozgarria da, euskara jakinagatik, erdal giroan bizi diren hainbatek astekari honekiko duen interesa. Hori ez da egun batetik bestera lortzen.
“Apaizaren eltzea, txikia baina betea” dio arbasoek erakutsitako esaera zaharrak, gu ere horretan saiatzen gara astero. Aldizkari xume hau betea izan dadin, denetik topa dezazuen, nahiz eta jakin agian Urnieta ez dela albiste iturri oparoa, baina herriaren erraietara barneratuz gero, ikus daiteke etorkizun handiko herri bizi bat dela gurea. Eta gu hari-mataza horri tiraka ibiltzen gara herri honen bihotz-taupaden berri izan dezazuen astero, mila istorio zuenganatuz, herritar ezagun eta anonimoak elkarrizketatuz, kirol albisteen jarraipena eginez, jaien eta kultur ekintzen lekuko izanez, herriko elkarteei eta kolektiboei ateak irekiz, bizitza politikoaren jarraipena eginez, edo besterik gabe demografia eta zorion agurrak bezalako atalen bidez.
Baina lan honetan ez gara bakarrik aritu, 200 ale hauetan egindako lanean hainbat herritar eta elkarteren laguntza jaso baitugu, albisteak edo argazkiak eskura jarriaz, kirol kronikak eginez, astekaria herriko taberna guztietara banatuaz, eta beste hainbat eginkizunetan parte hartuz. Mila esker modu batera edo bestera eskua luzatu diguzuen herritar guztiei, aurrera egiteko sostengua eta indarra eman diguzuelako, ez etsitzeko, gure erorikoetatik altxatzen laguntzen diguzuelako, laino artean galdutakoan gure ipar-orratza zaretelako.
Baita ere eskertu nahi nituzke proiektu honen alde egin duten politikariak eta herrian ditugun borondatezko harpidedunak. Batzuk zein besteak Aiurri aurrera ateratzeko ezinbestekoak direlako. Orain, eta jakinik denentzako garai zailak direla, zuen beharra izaten jarraitzen dugu, beraz gure ateak zabalik daude gure gurdira igo nahi duten lagun berrientzako.
Horrelako egun berezi batetan inolaz ere ez nituzke ahaztu nahi, sarritan Aiurriren irakurle finenak direnak, hau da, edozein arrazoi dela medio sufritzen ari diren guztiak. Elkartasun malko bat bidali nahi dizuet Teresa, Jon,...
Duela bost urte, kilo gutxiago, ile gehiago, zimur gutxiago eta burua gorago zuen kolektibo bat aipatuz agurtu nahiko nuke, aukera hau ez bainuke galdu nahi lankideei bihotzez mila esker esateko, ez gara askorik ikusten, bakoitza gure herrian, geure bete beharretan buru-belarri sartuta gehienetan. Aiurriren ale bakoitzak guztien bihotz zati bat daramala esan nahi diet irakurleei, eta ez dakidala Jesukristok mirakulurik egin zuen ala ez, baina ziurta dezakedala zuek astero-astero bat eta zoragarria egiten duzuela: Aiurri astekaria. Zorionak eta urte askotarako.