Azken urtean bizi dugun eta eguneroko albiste den krisialdia alde batera utziz gero, azken aste hauetako berririk nagusiena ez da izan Patxi Lopez Eusko Jaurlaritza berriko Lehendakaria izendatua izan dela, edo datorren igandeko hauteskunde europarrak direla eta izandako kanpaina aspergarria, edota Realak beste urtebetez bigarren mailan jarraitu beharko duela. Keba! Hemen benetako albistea Francok arrautza bakarra zuela jakitea izan da. Hau da, pakete erdia zuela.
Albistea entzundakoan burura etorri zitzaidan aurten errepidera itzuli den Lance Amstrong txirrindulari Ipar Amerikarra. Ezaguna da txirrindulari honek barrabil bakarra duela, bestea minbiziaren ondorioz kendu ziotelako. Geroztik izugarrizko erakustaldiak eman zituen Frantziako Tourrean, zazpitan irabaziz, mendietako igoeretan ikusle ugarik hatz erakuslea zerura begira jarriz 1 zenbakia erakusten zioten bitartean. Arrautza bakarra duela gogorazteko, nonbait.
Peio eta Pantxoak kantatzen zuten Baionako Suprefeta kantuaz ere akordatu nintzen. Duela hamarkada batzuk Baionan egindako baserritarren manifestazio batean izugarrizko egurra jaso zuten bertan parte hartu zuten baserritar gizagaixoak. Poliziei, CRS sinpatikoei, orduan Baionako Suprefeta (hemengo garai bateko gobernadoreen moduko kargua) zen Biaccabe abizeneko gizon batek eman zien agindua. Manifestazio hartako gertakarien ondotik, Rogert Idiart apaiz eta poeta azkaindarrak “Baionako Suprefeta” izeneko kantua idazteari ekin zion. Guregana Peio eta Pantxoaren ahotsean heldu zena. Rogert-ek Suprefetaren abizenarekin (Biaccabe) hitz-joko polit bat egiten zuen, kantuaren ondorengo zatian ikus dezakegunez: “henekin zira herabe – ixiltzea duzu hobe – ni bai bi arrautzen jabe – eta zu hor biak gabe”.
Eta orain hara non esaten diguten Francok arrautza bakarra zuela, joe, Hitler-ena entzuna geneukan baina hau gehiegizkoa izan da. Biak Hendaiako tren geltokian bildu zirenean, han bi arrautza bakarrik zeudela pentsatzea ere!
Ez zuen galtzak janzterakoan kremailerarekin harrapatuta galdu, ezta ere ahuntz batek hozka eginda, dirudienez, 1916an, 23 urte zituela Somme-n, Afrikako gerran jasotako tiro baten ondorioz galdu omen zuen, lastima garai haietan bi tiroko fusilik ez izatea! Ez dakigu ezkerrekoa ala eskuinekoa izan zen, ez dakigu tiroa bota zuenaren izenik, ziurrenik bere punteria onaren berri jakin gabe joango zen mundu honetatik. Ez dakigu nolaz mantendu zuten ejertzitoan, guri garbi utzi baitziguten, fisikoki eta metafisikoki ere bi arrautzak beharrezkoak zirela Espainiako ejertzitoan.
Adinean aurrera zoaztenak gogoan izango duzue Pakitoren ahotsa: “Españoles todos...” orduan esaten zen “voz de pito” zuela, baina orain badakigu aurreko batean “Gran Wyoming” telebista esatariak zioen bezala, ez zuela “voz de pito” baizik “voz de un huevo”.
Norbaitek esango du, kabroi hark arrautza bakarrarekin egin zituenak eginda, zer ez ote zuen egingo biak izan balitu? Izan ere norbait ausarta dela adierazteko “horrek badizkik potroak” esaten dugu. Gogoan izango dituzue Marino Lejarreta txirrindularia animatzeko asmoz errepide bazterretan jartzen ziren pankarta haiek: “Marino, hik dituk potrok”. Bada gorputzaren beste atalen bat bilatzen hasi beharrean gara, lehen argi ez zuenarentzako orain garbi geratu baita potroek ez dutela zerikusirik ausardiarekin.
Ez naiz pertsonen akats fisikoez barre egitea gustatzen zaionetakoa, norbaitekin hastekotan neronekin hasi beharko nuke, baina ezin uka Patxi zaharraren albiste honekin irribarre txiki bat marraztu dela nire ezpainetan. Eguraldi bikaina dugu gaur eta Aiurriko irakurleekin dudan konpromisoa bete eta gero, banoa, nola esaten zaio golpe zorririk jo gabe egoteari? Aaah, bai! potrojorran egotera, eta bide batez, behealde horretan biak bere tokian daudela egiaztatzera.