Heldu da maiatza. Eta aspaldiko hilabeteetako moduan euri eguraldiak gainetik kendu ezinik gabiltza. Goizean pertsiana irekitakoan sarritan geratu gara Adarra mendia ikusi ezinik lainoz estalita zegoelako. Bai, kexu ibiltzen gara, batean eta bestean zein eguraldi petrala izaten ari garan aipatuz. Aurreko egun batean, euria gainetik kendu ezinik gabiltzala aipatu nuenean denda batean, han zegoen batek berehala erantzun zuen: okerrago daude Etiopian. Arrazoi galanta! pentsatu nuen.
Etiopia. Paraje haietaz ezer ez dakigu, askok ez genuke mapan kokatzen ere jakingo. Tarteka entzuten dugu basamortutze prozesua bizi duen munduko estaturik txiroenen artean aurkitzen dela, baina gutxitan izaten da albiste gurean. “Afrikako basamortuko zoko bateko kontuak dira” esan lezake norbaitek. Izan ere, gu hirugarren munduaz soilik akordatzen gara petrolioaren prezioak gora egiten duenean.
Hala ere nik badut halako lotura emozional bat herrialde horrekin. Ni jaio nintzen etxetik bistan da Lasarteko hipodromoa. Han egiten zen eta da, urtarrilaren azken igandearekin “Donostiako Krosa” deituriko lasterketa ospetsua. Orain, agian ez ditu momenturik onenak bizi lasterketa honek, baina gure haurtzaroan eta nerabezaroan sona handiko karrera zen inongo zalantzarik gabe. Milaka zaletu elkartzen zen bertan munduko korrikalaririk onenak ikusi asmoz.Urnietatik ere ohitura zen goiz pasa eginez oinez bertara joatea.
Txiki txikitatik ikasi nituen bi izen, inoiz ahaztuko ez zaizkidanak, Mamo Wolde eta Abebe Bikila etiopiarrenak. Haiek izaten ziren lasterketa horretako izarrak, geroxeago etorriko zen Zatopek txekiarrarekin batera. Hiru horiek zeresana ematen zuten, batzuetan txarrerako eta gehienetan onerako. Haien izenak ondo ikasiak zituzten gazteleraz hitz egiteko arazo larriak zituzten baserritarrik zaharrenak ere.
Wolde eta Bikila, biak 1932.urtean jaiotakoak ziren. Eta orduan Europara etortzen atleta afrikar guztien modura, haiek ere militarrak omen ziren. Bikila oso famatua zen 1960. urteko Erromako olinpiadetan maratoia irabazi zuelako, gainera oinutsik egin omen zuen lasterketa osoa. Ikustekoa izango zen hura! 1964. urtean Tokioko olinpiadetan ere berak lortu zuen urrezko domina. Nik gogoan dut nola Woldek 1968. urtean Mexikon egindako olinpiar jokoetako maratoia eta 1.000 metrotako lasterketa irabazi zituen.
Zer jaten zutenari buruz ere asko hitz egiten zen. 1963. urtean 30.000 ikusleren aurrean Mamo Woldek Lasarteko lasterketa irabazi zuenean (batzuek egin zuela esaten zuten) honako gosaria eginda joan omen zen: sei laranjen zukua, bi arratzeko tortilla frantsesa eta txuleta bat. Dirudienez lehenengoz etorri zirenean, ez dakit Lasartera edo Elgoibarko krosera, angulak eskaini omen zizkieten probatzeko eta probatu gabe garatu ziren nonbait. Bigarren urtean, berriro eskainitakoan probatu eta baita gustatu ere. Handik aurrera inoiz ez omen zitzaien ahaztu angulak eskatzea.
Abebe Bikila, auto istripu baten ondorioz gurpildun aulki batean, ezertarako gauza ez zela gelditu zen 1969. urtean eta 1973ean hil zen 41 urte zituela. Mamo Wolde, 1993. urtean espetxeratua izan zen dirudienez parte hartu ez zuen hilketa bat leporatuta. Amnistia Internazionalek ere bere askatasuna eskatu izan zuen. Azkenean, 2002. urteko urtarrilean aske utzi bazuten ere ordurako oso gaixo zegoen eta urte bereko maiatzean hil zen, 70 urte betetzear zela.
Eguzki errainuek hemengo lurrazala noiz argitu eta berotuko zain gauden bitartean ez legoke soberan gogoan izatea Etiopia eta beste hainbat herrialdeetan, lehortearen ondorioz bizitzeko aukerak gutxitzen ari direla etengabe, pilak ahitutako linterna bati argia amatatzen zaion antzera, eta egoera hori milioika pertsona pairatzen dutela. Gurea guardasol batekin konpontzen da, haiena...