Goiko titularra irakurrita honezkero norbait hasiko zen gauza arraroak pentsatzen, baina zaude lasai, gaurkoan behintzat testu apal honen ibilbidea ez baita joango zuri ere lehenengo burura etorri zaizun bide horretatik.
Gizakiok bi hankaren gainean ibiltzen gara normalean, ez dugu beste ezeren beharrik izaten batetik bestera mugitzeko. Zenbait ekintza burutzeko, ordea, ederki asko etortzen zaigu hirugarren hanka baten laguntza: mendira eta paseatzera joateko, ebakuntza edo istripu baten ondorioz ibiltzeko arazoak ditugunean, edota urteekin indarra ahultzen eta erreflexuak galtzen hasitakoan, esate baterako. Neronek ere, lehen urruti ikusten banuen, orain gero eta gertuago ikusten dut, eta ibilalditxoren bat egitera atera aurretik kontuan izaten dut ondo etorriko zaidala eskuetan makil bat hartzea.
Adinak berez ekartzen dizkigun ezintasunak alde batera utziaz, beste hirugarren hanka batez jardun nahi nuke, ordea, gaurkoan. Frankismoaren ondoren, badira 30 urte paseak hauteskundeak gora eta hauteskundeak behera gabiltzala, eta oraindik ez da asmatu hirugarren hanka osatzen. Segituan argituko dizut zeri deitzen diodan hirugarren hanka: badira hemen denon begi-bistako diren bi aukera politiko garbi, bat orain Eusko Jaurlaritza hartzear diren bi alderdi espainolek osatua; bigarrena, estatutua, autonomia defendatzen dutenek osatzen dutena, nahiz eta multzo hori osatzen duten guztiak berdinak ez izan, batzuk besteek baino konpetentzia eta erabakitzeko ahalmen gehiagoren eskaera egiten baitute, baina funtsean esan genezake bat datozela helburuetan. Beraz, argi dago hirugarren hanka izango litzatekeena independentziaren aldekoek osatutakoa dela.
Baina horrenbeste urteren ondoren badirudi oraindik bi aukera bakarrik daudela; orain arte agintean genuena eta orain agintera datorkiguna, eta horrek ez du zerikusirik bizi dugun gizarte honen egungo errealitatearekin. Nik ez dakit norena den errua, baina independentziaren aldeko alderdiek oraindik ez dute asmatu indarrak elkartu eta hirugarren aukera edo hanka hori osatzeko orduan. Dagoeneko, hemen indar (boto kopuru) berdintsuko hiru aukera horiek ondo definituak egon beharko lukete, baina ez da horrelakorik gertatzen, eta epe motzera gertatuko den zantzurik ere, nik behintzat, ez dut inondik ikusten.
Batzuk ez dute horrenbeste erreparo izaten, eta ez dute bi aldiz pentsatzen noiz eta norekin elkartu erabakitzeko orduan. Agintea hartuko duten bi alderdiak berehala iritsi dira gutxieneko adostasunetara, aurrez Nafarroan iritsi ziren bezala. Eta hor ikusten ditugu laineza, txoro-haizea eta auto-satisfazioa gainezka dutela. Ikusi besterik ez dago Joseba Arregi harro-harro eta hontzak arratoiari begiratzen dion moduan begiratuz Xabier Euzkitzeri aurre egiten, Kalaka ETBko eztabaida saioan; galdera maltzurrak egiten dituela, hitz egiteko beste batzuei baino denbora gutxiago uzten diola... Gutxiengoan zeudenean ditxosozko transbertsalitateari buruz hitz egiten eta idazten urteak pasa ondoren, gehiengoan daudenean, naiz eta tranpak eginez izan, transbertsalitateak berehala ahaztuaz.
Orain ere batzuk askotan aipatzen dute indarrak metatze kontua, nahiz eta meta bat zer den juxtu-juxtuan jakin. Jo! baino zer guay gelditzen den edozein diskurtsoren barruan, adibidez Aberri Egunean, eta hau indarrak biltze lanean ari diren batzuei diedan begirune guztiarekin esaten badut ere, mamirik gabeko hitz potolo bezain hutsal horiek horrenbestetan entzun ondoren jadanik ez didate ezer esaten. Beraz, eta etsipenak guztiok aspertu edo nazkatu aurretik, bada garaia bakoitzak barrura begiratu, eta egiten ari denaz, eta orain arte egindakoaz hausnarketa eta autokritika serio bat egitekoa. Kanpotik egur asko jaso izanak ez baitu etxean gaizki egindakoa zuritzen.