Aurtengoan inauteriak nahikoa luzatu dira, martxoaren bata bitarte iraun baitute gurean. Eta hurrengo egunetik herritarrok entzun dugun guztia aginte espazioa nork okupatuko duenaren gorabeheren inguruko ika-mikak izan dira, hurrengo Lehendakaria nor izango den, nork edo nortzuk aginduko duten... Penagarria da, bere garrantzia kendu gabe, eztabaidaren ardatza, agintea nork lortuko duen izatea.
Inork ez digu esaten agintea zertarako hartu nahi duen, ez dugu programarik ezagutzen, agian, politikariek gehiago begiratzen diotelako azalekoari oinarrian dagoenari baino. Garrantzia benetan zerk duen, orain jendeari zer gertatzen ari zaion, eta zer arazo dituen gehixeago begiratu beharko lukete. Eta begiratzen hasi ezkero, lehendabizi bizi egin behar dugu, eta bizitzeko baliabide ekonomikoak modu duinean lortzeko aukera ezinbestekoa da. Eta denok dakigun moduan, albiste latzak datozkigu ia egunero. EREak, ordainketa-etenak, administrazio konkurtsalak, eta hainbat kasutan, itxiera. Duela gutxi arte izugarrizko irabaziak zituztenak ere, orain krisiari aurre ezin eginik dabiltzala diote. Eta egoera okerrera doa. Krisi ekonomikoak sortzen dituen dramak, gero eta gertuago ikusten ditugu. Gero eta gehiago dira hilaren bukaerara heltzen ez direnak. Beraz, agintea hartzen dutenen lehentasuna, premia larria duen arlo honetarako neurriak hartzea izan beharko du.
Baina guk euskaldunok badugu beste gai bat, gure betiko gaia, oraindaino konponbiderik, irtenbiderik aurkitu ez dioguna. Azken hauteskunde hauetan ere garbi geratu da gizarte hau osatzen dugunon artean nazio identitate ezberdinak daudela. Baina lehendik nahikoa izango ez bagenu bezala, oraingoan, arazo bat gehitu zaio, aukera politiko bati aurkeztea debekatu zaionean, eta gainontzeko alderdiek joko arau horiek onartu dituztenean. Gezurra dirudi, baino batzuek oraindik, hogeita hamar urte pasa eta gero, gobernua osatzeko legitimitatea nork duen, eta nork ez lezioak ematen dabiltza. Parlamentuan boto gehien lortzen duen hautagaiak, ez dago beste misteriorik!
Hauteskundeen ondorenean entzundakoak entzunda, gure aitonak kontatzen zigun Irungo muga bizikleta gainean, eta esku batean hondarrez erdi betetako balde bat zuelarik pasatzen zuen gizonaren historia etorri zait gogora. Guardian egokitzen ziren mugazainak kontrabandoan ari ote zen susmoa bazuten nonbait, eta han ibiltzen omen ziren erotu beharrean baldea miatzen, hondar artean zer aurkituko, eta ez zuten usaindu ere egiten gure gizon azkarrak, bitartean, bidaia bakoitzean bizikleta bat pasatzen zuela.
Bada, antzeko zerbait gertatu zaie hainbat alderdi politikori ere. Azken urteetan alderdien legez kanporatzeek libre utzitako aulkiak okupatzen aritu dira, egoera horren aurka aho txikiarekin protesta ahul bezain barregarriak eginez, eta orain konturatu dira boterea galdu egin dutela. Neurrira egindako legea zela, bizikletak pasatzen ari zirela, alegia, asko eta asko baldeari begira zeuden bitartean. Baina, beranduegi da protestatzeko joko arauak onartu eta gero.
Martxoaren batean nor izan zen garaile garbi dago: Alderdi Popularra. Galizian gehiengo osoa, eta hemen nork aginduko duen erabakitzeko aukera izango baitu. Beraz, esan dezakegu euskal nortasunean aurrera egiteko ez datozkigula garairik onenak. Baina, hala ere ez gara espabilatuko, ez gara elkarrengana hurbilduko, egoskorregiak, harroegiak, handiusteegiak baikara besteen arrazoirik txikiena ere onartzeko, aurrera egiteko izanik ere. Tristea bada ere, zatituta jarraituko dugu, oraingoak ere elkartzeko ez baitu balioko.
Eta inork ez dezala pentsa, agintera lau urterako datozela, geratzeko asmoarekin datoz. Beraz, abertzale direla esaten diguten politikariei esango nieke badela garaia hitz politak alde batera utzi eta irtenbideak bilatzeko.