Jakinekoa da gutariko gehienak bazter guztietara autoz joaten ohitu garela. Ahal badugu goazen tokiko ate ondoraino, gainera. Eta autoa atean kabitzen ez delako, bestela sarritan berarekin barruraino ere sartuko ginateke. Kotxea “jainkotu” egin dugun honetan, bi pauso oinez ematea baino nahiago dugu edozer egin, ilara luzeetan harrapatuta minutuak eta orduak alferrik galdu, debekatutako lekuetan aparkatu...
Ez da beti horrela izan, ordea, oraindik ez baitaude urruti bazter guztietara oinez joaten ginen garaiak. Ume nintzelarik, gure jaiotetxera joateko ez zen auto bide itxurazkorik. Gogoan dut Urnieta eta Lasarte Oria elkartzen dituen errepidea 1973an inauguratu zela. Uztailaren 18an, orduan gauza garrantzitsuak inauguratzen ziren data malapartatu horretan. Urteak iraun zuten obrak, arazoak izan ziren baserritarrekin, eta kasu batzuetan behintzat, irtenbidea eman zitzaion, baserrietako lursailen mugatik errepidea eginez, eta ikusi besterik ez dago zer nolakoa izan zen emaitza. Errepide aldrebesagorik!
Eta txarrena, ez da orduan errepide hori gaizki egin izana, ke ba! Txarrena da oraindik eta horrenbeste urte igaro ondoren, modu berdinean jarraitzen duela. Dirudienez, bigarren mailako errepideak hobetzeko ez dago, ez denborarik, ez dirurik, ez borondaterik, aspaldiko urte hauetan autobide, autopista eta antzeko makro proiektuei begira bizi diren politikarien aldetik.
Garraio publikoa bultzatzeko eman diren pausoak ere, ez dira ugariak izan gurean. Azken berrogei urte hauetan izan diren aldaketa edo berrikuntza bakarrak, larunbat gauetan Donostiara joan eta etortzeko dugun autobus zerbitzua, eta Realak Anoetan “jokatzen” duenean, bertara joateko jarritako autobusa izan baitira.
Ez dakit zenbat urte izango diren lehenengoz entzun genuela Urnietatik Lasarterako autobus zerbitzua martxan jartzekotan zirela, baina badakit ez dela atzo goizeko kontua. Geroztik, tarteka agertu, eta agertu bezala desagertu den gai bat izan da. Eta hiru kilometro eta erdik banatutako bi herrien arteko bidea azkarrago egiten da oinez, orain arte izan dugun autobus zerbitzuan baino.
Baina, azken aste hauetan jakin izan dugunez, Astigarragatik Usurbilera autobus zerbitzua jartzea onartu du Foru Aldundiak. Azkenean! Hernani, Urnieta eta Lasarte Oriatik igaroko den zerbitzu hau oraindik ez dakigu noiz jarriko den martxan, ezta zein ibilbide izango duen ere, edota zein maiztasunarekin... dakiguna da txintxoak ez baldin bagara eta behar adinako erabilpenik ematen ez badiogu, froga moduan egingo duen urtebetea egin ondoren, zerbitzu hau kendu egingo digutela.
Baita ere badakigu guraso ugari dituela. Alderdi politikoek ez dute denborarik alferrik galdu, eta berehala jo dute prentsara, adieraziz beraiei esker jarriko dela martxan zerbitzu hau. Hiru alderdi izan dira, gutxienez, prentsa ohar bidez, aitatasuna aitortu dutenak. Lastima! Hemen ezin dugu ADN frogarik egin, beraz, bakoitzak bere santuak dioena sinetsi beharko du. Eta kasu honetan, inori ez sinestea ere beste aukera on bat da.
Poztu egiten nau alderdi politikoek hain gartsu autobus zerbitzu berria honen alde agertu izanak. Ulertzen ez dudana da. orain arte zeri begira egon diren. Ez bainuen inoiz ikusi, alderdi bakar baten programan ere, zerbitzu hau jartzekotan zebiltzala zioen inongo zantzurik. Azken orduan txisteratik ateratako zerbaiten itxura hartzen diot. Hala ere, eta berriro diot, poztu egiten nauela.
Espero dut hemendik urtebetera, zerbitzua hobetzeko lanetan aritzea, horrek harrera ona izan duela esan nahiko duelako. Eta bukatzeko, txanpa hau aprobetxatu nahi dut gure politikoei gogorarazteko Urnietak baduela beste hutsune oso nabarmen bat, ospitale gunera joateko autobusik eza. Ez da nahikoa arratsaldero Andoaindik abiatuta joan etorri bakarra egiten duen hori. Egun osoan behar dugu.