Mikel Laboa 1934ko ekainaren 15ean jaio zen Donostiako Alde Zaharrean, Pasai Donibanetik joandako familia abertzale baten baitan. Bere aita, Feliziano, arrantzontzien armadorea zen, eta EAJko zinegotzia Donostiako Udalean. Mikelen familia, itsasoari eta musikari lotuta bizi zen; aitonak Pasai Donibaneko bandan jotzen zuen, aitak, herri bereko La Constancia bandan, eta amak, Estefaniak, herriko koruan kantatzen zuen.
1936ko gerra zibila hasi zenean, Mikelen aitak ihes egin zuen Bordelera. Bitartean, ama eta zazpi anai-arrebak Lekeitioko Gardata auzoko baserri batean ezkutatu ziren. Gerra amaitu aurretik Donostiara itzuli ziren ama eta anai arreba guztiak. Aita, handik urte batzuetara itzuliko zen.
Gitarrarekiko zaletasuna 16 urte zituela piztu zitzaion, Juan Jose Lasa, bere arrebaren senarrak eraginda. Eta berehala, Marianistetan, bere ikastetxean, Jangoluke izeneko hirukotea osatu zuen beste bi lagunekin. Batxilergoa amaitu ondoren, medikuntza ikastea erabaki zuen. Etxetik kanpo, lehenik Madrilera, gero Iruñera, geroago Zaragozara eta azkenik Bartzelonara eraman zuen erabaki hark. Haurren neuropsikiatria espezialitatea egin zuen. Medikuntza ikasketak bukatuta, 1963an, Mikel, lanean hasi zen Bartzelonan, baino hilabete batzuetara, Donostiara itzuli eta Ospitale Probintzialean lan egin zuen.
1964an ezkondu zen Marisol Bastidarekin eta bi alaba izan zituzten, Agurtzane eta Izaro. 1965.urtean berriro Bartzelonara joan zen bi urtetarako. Haiek pasa ondoren, Donostiara itzuli zen, eta geroztik, 1985 arte jarraitu zuen medikuntza lanarekin, orain Miramon dagoen lekuan zegoen Patronato San Miguel itxi zen arte.
Ez Dok Amairu taldea osatu aurretik bere lehen diskoa grabatu zuen 1964an, Baionan. Geroztik, kantu tradizionalak errekuperatuz, egungo idazle eta poeten letrak abestuz, eta bide esperimentalak jorratuz, hainbat belaunalditako jendea bereganatzea lortu izan du. Guztiontzat ezaguna den ibilbide horretan, 17 disko argitaratu ditu guztira, horietatik bi, hain zuzen hirugarrena eta laugarrena, Urnietako Salesiar ikastetxeko antzokian grabatu zituen, 1969. urtean. Lehenengoa, Bertol Brechen Lilurarik ez, Gaberako aterbea, Denak ala inor ez, Munduaren esker ona kantuekin, eta bestea, Haika mutil, Iturengo arotza, Zure begiek eta Zilbor hesteak kantu ezagunekin.
Azken urte hauetan ere Mikelek maitea zuen Urnieta, ez zen zaila gure herrian ikustea. Besabi inguruak, Benta edo Zaldundegi gustuko tokiak zituen. Hori aprobetxatuz, saiatu nintzen elkarrizketatxo baterako zita egiten, baina lortu baino lehen joan zaigu. Ez dakit zenbat bider eman zidan etxeko telefonoaren zenbakia, “bihar deitu, ea datorren astean egiten dugun...” Azkenekoz ekainean Zaldundegin hitz egin nuen berarekin. “igandean 74 urte betetzen ditut” esan zidan.
Bere ibilbide luzean emanaldi garrantzitsuak izan ditu, Euskadiko Orkestra eta Donostiako Orfeoiarekin emandakoak, bere jendaurreko azken agerraldian Bob Dylanekin Zurriolako hondartzan emandakoa, eta abar. Baina, 1976ko martxoaren 27an, Donostiako belodromoan egin zen “hogeita lau orduak euskaraz” ekitaldiaren barruan, “Txoriak txori” abestiarekin lortutako arrakasta geratu zen euskaldun askoren bihotzetan betiko itsatsita.
Mila gauza esan liteke, eta esango da egun hauetan Mikeli buruz. Niri ere asko geratzen zaizkit tintontzian, baina bukatzen joan behar dudanez, eta zerbait nabarmentzekotan, bere xumetasuna, hantusterik eza, nabarmenduko nuke. Baita ere, adierazi nahi nuke, datorren astean eskainiko den Marizulo ikuskizunean berak abesten zuen “Baga, biga” abestia entzuteko aukera izango dela. Eta badaezpada eta norbaiti baliagarria balitzaio, bizi garen lurralde honi, Mikelek, Euskal Herria deitzen ziola. Artikulu xume hau, inoiz grabatu gabeko elkarrizketaren ordezko gorazarrea izan bedi.