Pilota jarraitzen duzuenok ondo dakizuen bezala, lau t´erdiko txapelketa jokoan da azken aste hauetan. Azken ligaxkarako sailkatu ez baldin badira ere, txapelketa bikaina egin duten pilotarien artean, bi gazte nabarmendu dira, Julen Retegi eta Iker Arretxe nafarrak. Horrek, dudarik gabe, poz handia emango zien pilotari berrien gorakadaren zain izaten diren pilotazaleei.
Txapelketa honek, guztien begibistan utzi du Julian Retegi eta Fernando Arretxe pilotari handi eta euskaldun petoen semeak, erdaldun petoagoak direla. Hor ikusi dugu Euzkitze, partidaren bukaeran bi gazte hauek erdaraz elkarrizketatzen. Jakina da, ETB-n kirolariek erdaraz hitz egiteko baimena dutela. Agian, ETBko esateriek uko egingo baliokete hauei galdetzeari... baina, noski horrek euskararen beharra agerian utziko luke, eta hemen ez dago horren zantzurik, guztiz kontrakoa baizik.
Badakigu nolakoa den euskararen egoera Nafarroan. Badugu agintariek jartzen dituzten oztopoen berri. Baina, ezin da beti besteei errua boteaz ibili. Hemen badirudi inork ez daukala ezeren errurik, guztia dela, Francoren garaiak, egoera politikoa, gizartea, kultura, hezkuntza... Ba ez. Horietaz gainera pertsona bakoitzak du bere erantzunkizuna. Eta badakigu bi aita hauek ia egun guztia semeekin pasatzen dutela, beraien itzala direla, entrenatzaile, botilero, pilota aukeratzaile,... beraz, nork galerazi die hauei euskaraz hitz egitea?
Gustura entzuten genuen eta dugu, Julian Retegiren Eratsungo eta Fernando Arretxeren Luzaideko euskara xarmangarria. Baina biak Iruñara joan ziren bizitzera, herri txiki batzuetatik hiri handi batera. Euskaldun zaharren hiritartzean, kasu askotan gertatu den moduan, eta bi hizkuntzak balantzan jarrita, hirian nagusi den erdara, nagusitu da kasu honetan ere. Herri txikietako euskaldun zahar asko akonplejaturik bizi izan dira urte luzeetan hiritarren aurrean, isekak, gutxiespenak, barreak eta abar direla medio. Hauek ere agian, euskaldun etiketa eramatearen lotsa izango dute, nork daki? Gauza da, euskal pilota trasmititzeko orduan asmatu badute ere, hizkuntzaren trasmisioan huts nabarmena egin dutela. Beraz, bi gazte hauek pilotariak izango dira, baina ez euskal pilotariak? Eta iruinsemeak edo panplonesak? Eta gurasoak, pilotari handiak edo pelotandiak? Eskerrak, Nafarroa Oinez bezalako jaietan milaka euskaltzale ikusten dugun, oztopo guztiei aurre eginez gure hizkuntzaren alde lanean.
Pilotariak ere haragizkoak dira gainontzeko pertsonen moduan, baina ezagun izateak, eta kirolean nabarmentzeak, eredu bihurtzen ditu, hizkuntza guztiz trakestua erabiltzen duten gaztetxoentzat. Sanmieletan entzuten egon nintzen, alboan nuen gaztetxo talde baten hitz-jarduna. Elkarrekin tioka hitz egiten zuten, “ekarri honera tio”, “utzi mobila tio”, “jo tio ze bero egiten duen”, jo eta ke, tio gora eta tio behera., sexu bakarreko hizkuntzan gainera, berdin hitz egiten zieten mutilek neskei, hauek mutilei, edo neskek neskei.
Belaunaldi guztietan erabili dira erdarakadak, guk ere erabiltzen genituen trakets askoak. Hala ere, batzuen aburuz, komunikatzeko gaitasuna omen da garrantzitsuena. Garaian garaiko erdarakadak beti erabiliko omen dituzte gaztetxoek, eta hain gazteak ez garenak. Nik diferentzia nabarmen bat ikusten dut ordea, gure ereduak bertakoak zirela, etxekoak, auzokoak, herrikoak... eta oraingoak kanpokoak, telebistatik jasotzen duten zaparrada, interneteko leihotik jasotzen dutena, kalean doazenean ere, ingurukoaz ahaztu eta MP3a edo antzekoei belarriak konektatuta ibiltzen dira.
Bai, kanpoko ereduekin bizi dira, bizi gara, eta agian horregatik Urnietako guraso guztiz euskaldunen seme-alabek tioka hitz egiten dute, edo Urnietako baserrietan, astoei, “Lekio” eta “Dinio” bezalako izenak jartzen dizkiete.