Bezpera biharamuna baino eramangarriagoa dela diote askok. Bezperak etorkizunari begiratzen omen dio, eta biharamunak iraganari. Baina, ez daukat argi alderantziz ez ote den.
Batzuetan bezpera eta biharamuna elkartu egiten dira, horixe gertatzen zaigu Urnietan, festen lehenengo asteburuaren biharamunean, eta bigarrenaren bezperan gauden honetan.
Ez da erraza egitarauarekin asmatzea, ez da erraza denak gustura uztea, baina elur zuria baino argiago dagoena da jaiak herriak eta herriarentzako antolatu behar direla. Eta herri honetan kontrako bidean urrats dexente emanak direla; lanerako, gauzak antolatzeko prest zegoen hainbat jende bidean “erreta” geratzeraino.
Hala ere, aurtengoan, programan somatuko zenuten bezala, egoera aldatzeko ahalegin bat egin dela esan behar. Programa beretik hasita. Esan nahi handiak, baita esan nahi eta esan ezinak ere izaten baitituzte herrietako programek. Eta aurtengoa, azken urteetako tradizioa hautsiz, bizi dugun errealitatera hobeto egokitzen dena da. Inork ez dezala pentsa, dena gauetik goizera aldatuko denik, baina garrantzitsua da, ateak irekita daudela jakitea, eta elkarlanean aritzeko borondaterik badela.
Jaien antolakuntzan esku hartu dugun elkarteek, elkar hobeto ezagutzeaz gain, gure nahiak, ahaleginak eta ezinak konpartitzeaz gain, aukera izan dugu egitaraua hobeto antolatzeko, ekitaldiak elkarlanean burutzeko...eta oraindik badago zer hobeturik, bai horixe!
Pasatako asteburuan, edozein jaietan hain beharrezko den eguraldi ona aldeko izan dugu, eta horrek erruz lagundu du jaiaren giroa hobetzen. Beti dago aukera, euria eginez gero, jaia Sarobe, Lekaio, kiroldegira edo frontoira eramateko, baina festa barrura eramate horrekin batera, giroak behera egiten du nabarmen, eta azken urteetan izan dudan sentsazioa da, festak barrura eramateko joera hori gehiegizkoa izan dela.
Guk ere ospatu genuen gure festatxoa, bigarren Iñistor jaia. Goizetik lanera eraman gintuena, dena ahalik eta txukunen antolatzera. Idiazabal kaleko asfaltoa zerbeza botilez beteta, osoak eta txikituak, eta maindire arteko goxotasuna oraindik dastatzera joan gabeko gazte talde pare bat. Plazan, komunik ez, eta gautxoriek han eta hemen utzirik zituzten beren arrastoak. Elizak, sarrera erromanikoa du, baina igande goizean, pixa egiterakoan paretean egindako arkuak zirela eta, sakristi aldera begiratuta, gotikoa zirudien.
Bazkal orduan eguzkia galgatan egon ginen, nonbait gure arteko izan nahi zuen berak ere. Jendeak (eta eskertzekoa da) ez zuen umore onik galdu, eta jaia bide onetik joan zen, oso gustura gelditu ginen orokorrean. Hala ere, ez gara orain ebidentziak ukatzen hasiko. Mus eta toka txapelketak arazoak eta buruhausteak sortzen dizkigu. Festa soila behar lukeena, gutxi batzuen lehiakortasun ase ezinak, dena azpikoz gora eta atzekoz aurrera jartzen digu. Benetan esaten dizuet, batzuekin zakurrentzako jana egingo nukeen, haragia pikatzeko makinatik pasa ondoren.
Lagundu ziguten guztiei esker beroenak emateko momentua iritsi zait. Banan-bana aipatzen hasi ezkero, zerrenda luzeegia aterako litzateke eta bateon bat ahaztuta gelditzeko arriskua egongo. Beude beraz, hitz hauek guztiekiko esker onaren seinale.
Badakizue nolakoa den bizitza, errotatik behin bakarrik iragaten den ur azkarra, beraz ez zalantzarik izan, eta ahal duzuenok behintzat, aprobetxatu asteburu hau festetan murgiltzeko. Biharamunean, hartuko dugu aspirina, Frenadol, Espidifema edo dena delakoa; igoko gara Adarrara birikak haizeberritzera, eta emango diogu gorputzari eskatuko digun atsedena, baina asteburuan, FESTA!!!